Andoaingo (Gipuzkoa) Rivestop System eta Israelgo Buffalo Consulting and Manager enpresen arteko salerosketa bati buruzko txosten bat argitaratu du Euskal Herriko BDZ mugimenduak (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak): jakinarazi dutenez, hormigoizko junturak zigilatzeko sistema baten 16.000 unitate bidali dituzte herrialde hartara; 3,68 tona material, guztira. BDZren ustez, bidalketa horrek «garrantzi berezia» du, eraikuntza industriak Israelen eta Palestinako lurralde okupatuetan betetzen duen rolarengatik; besteak beste, kolono juduen kokalekuak hedatzeko «funtsezkoak» baitira material horiek.
Rivestop System eta Buffalo Consulting and Manager enpresen arteko harreman komertzialari buruzko txostenean, Euskal Herriko BDZ mugimenduak, besteak beste, hauek bildu ditu: aipatutako bidalketa horren dokumentazioa, inplikatutako enpresen informazio korporatiboa, Rivestop System enpresak egindako argitalpenak eta salaketa hori oinarritzen duten beste froga batzuk.
BDZk egindako txostenaren arabera, material hori Bartzelonako portutik atera zen 2025eko azaroan, Lavonera bidean (Israel). Merkantzia hormigoizko junturak zigilatzeko sistema baten 16.000 unitatek osatzen zuten, eta guztira 3,68 tonako pisua zuten. «Produktu horiek bizitokiak, garajeak, tunelak, zubiak, urtegiak, dikeak, ura tratatzeko plantak eta beste ingeniaritza azpiegitura batzuk eraikitzeko erabiltzen dira», azaldu dute.
BDZko kideen ustez, bidalketa horrek «garrantzi berezia» du, eraikuntza industriak Israelen eta Palestinako lurralde okupatuetan betetzen duen rolarengatik. «Kokalekuen hedapenak, azpiegitura berrien eraikuntzak eta proiektu handien garapenak material eta osagai teknikoz etengabe hornitzea eskatzen dute, eta, beraz, nazioarteko hornidura kateek funtsezko zeregina dute sektore horretan», nabarmendu dute.
«Ez da bidalketa puntual bat»
Erakunde horrek azpimarratu du Rivestop System enpresak urteetan Israelen egindako jarduera komertzialaren berri eman duela bere webgunearen eta sare sozialen bidez, «non erakusten baititu Buffalo Consulting and Manager bere banatzaile esklusiboarekin egindako proiektuak eta Electra Group sozietatearekin —Israelgo eraikitzaile nagusietako bat— izandako lankidetzak. «Gertaera horiek erakusten dute ez dela bidalketa puntual bat, baizik eta Israelgo merkatuarekin finkatutako harreman komertzial bat», salatu du BDZk.
Erakunde horrek salatu du kasu horrek erakusten duela «euskal enpresen eta Israelen arteko harreman komertzialak ez direla kontratu handietara mugatzen, baizik eta eraikuntza sektorerako materialen fabrikatzaile eta hornitzaileetara ere iristen direla».
Horiek horrela, Israelekiko harreman komertzialak berrikustera deitu du BDZk euskal enpresa sare osoa, eta «behar adinako arreta» jartzera beren produktuen azken helmugari eta okupazioan eta kokalekuen hedapenean izan dezaketen eraginari.