Beatriz Artolazabal Espainiako Senatura doa, Estefania Beltran de Heredia ordezkatzera

EAJk jakinarazi du Senatuko orain arteko bozeramaile jeltzaleak bere ibilbide politikoari amaiera ematea erabaki duela. Gasteizko alkateordea izango da aurrerantzean Espainiako Senatuko jeltzaleen buru.

Estefania Beltran de Heredia eta Beatriz Artolazabal. EAJ
Estefania Beltran de Heredia eta Beatriz Artolazabal. EAJ
xabier martin
2026ko irailaren 1a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskundeak gerturatu ahala, alderdi politikoetan aldaketak gertatu ohi dira arduradunen artean. 2027ko udal eta foru bozetarako azken txanpa hasi den honetan, EAJk jakinarazi du errelebo bat izango dela Espainiako Senatuan, baina badu lotura Gasteizko alkategaiaren hautaketarekin ere. Izan ere, 2023an udal horretarako alkategai izan zen ordezkariak, Beatriz Artolazabalek, Espainiako Senaturako bidea hartuko du, Eusko Legebiltzarrak EAJren proposamena onartzen duenean, aste batzuk barru. Estefania Beltran de Heredia ordezkatuko du Artolazabalek. Alderdiak jakinarazi duenez, Espainiako Senatuko orain arteko bozeramaile jeltzaleak bere ibilbide politikoari amaiera ematea erabaki du.

Hala, Senatuko Euskal Taldeak beste eledun bat izango du aurrerantzean. Beltran de Herediak «aspaldian» adierazi ei zuen Sabin Etxean bere ibilbide politikoari amaiera emateko asmoa zuela; hori horrela, Gasteizko alkateorde Artolazabalek hartuko du lekuko hori. Artolazabalek Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu izateari utzi zion 2022an, Gasteizko alkategai izateko 2023ko udal eta foru hauteskundeetan, baina emaitza eskasak atera zituen, eta laugarren geratu zen, EH Bildu, PSE-EE eta PPren atzetik. Ordura arte, EAJ Gasteiz gobernatzen ari zen Gorka Urtaranekin, baina Araba Buru Batzarrak deliberatu zuen Urtaran ordezkatzea, eta Artolazabal izendatzea alkategai 2023ko bozetarako.

Eskerrak Beltran de Herediari

EBB Euzkadi Buru Batzarrak «Euskadiren zerbitzura egin duen ibilbide nekaezin eta emankorra» eskertu dio Estefania Beltran de Herediari. Azken sei urteak Espainiako Senatuko jeltzaleen buruzagitzan eman ditu. EAJk gogoratu du 2024an adierazi zuela Beltran de Herediak bere ibilbide politikoa 2026. urtean amaitu nahi zuela. Alderdiak dio urteotan «erreferente» bilakatu dela Senatuko gainerako taldeentzat, «irizpide zuzena eta koherentzia» aitortu omen baitiote, «PPk gehiengo osoa alderdikeriaz erabiltzen duen bitartean».

Beltran de Heredia EAJren ordezkari gisa zenbait arduratan egon ondoren iritsi zen Senatura. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburu izan zen 2012tik 2020ra. Aurretik, 2007tik 2011ra, Nekazaritzako Foru Diputatua izan zen Araban. Arabako Batzar Nagusietan batzarkide izan zen 1995etik 1998ra. Eusko Legebiltzarrean, berriz, legebiltzarkide izan zen 1998tik 2001era, eta berriro 2005etik 2007ra.

EAJk, era berean, Beatriz Artolazabali eskertu dio «zerbitzu publikoan eta Euskadirenganako konpromisoak bultzatuta eman duen guztia». Gehitu du Espainiako Senatuan «euskal herritarren interesak» defendatzen jarraituko duela, «erakundeetan irabazi duen eskarmentuarekin».

Ramiro Gonzalez

Batera edo bestera, EAJk beste alkategai bat aurkeztuko du 2027ko udal hauteskundeetan Gasteizen. Hautagaia aukeratzeko prozesua martxan da, eta Arabako ahaldungai nagusiaren hautagaitzaren inguruan ere baliteke luze gabe berriak egotea. Izan ere, egungo ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek gaur esan du «gerturatzen» ari dela hautagaitzaren inguruan «hitz egiteko garaia». Ez du jakinarazi, ordea, EAJren hautagai gisa jarraitu nahi ote duen: «Oraindik ez da garaia». Erantsi du EAJk «bere epeak» dituela, eta «errespetatu» egin behar direla.

Horrez gain, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da ezusterik espero foru bozetako hautagaiei dagokienez, eta Elixabete Etxanobek eta Eider Mendozak dute aukera gehien ahaldungai nagusi izateko; egungo ahaldun nagusiak dira. Mendozak, izan ere, jakinarazi du Gipuzkoako ahaldungai nagusi izateko prest dagoela, «alderdiak hala nahi badu». Gonzalezek jadanik 11 urte egin ditu Arabako ahaldun nagusiaren arduran.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA