Euskal Herrian, koronabirusarekin kutsatutako pertsonen kopurua %25 inguru hazi da atzo gauetik gaur eguerdira arte, eta 300 pertsonak baino gehiagok dute gaitza orain. Araban daude gehienak, 200 baino gehiago. Nafarroan kopurua bikoiztu egin da egun bakarrean, 46 dira orain. Osasun Sailek «arduraz jokatzeko» eskatu diete herritarrei, eta bereziki nabarmendu dute eskuak garbitzearen garrantzia. «Kutsatzeen %95 pertsonak sintomak sumatzen dituenean gertatzen dira, ez aurretik», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.
Gipuzkoan, 86 urteko gizonezko bat hil da gaur goizean; gaixo zegoen lehendik ere. Euskal Herrian koronabirusarekin hildako zazpigarren pertsona izan da, eta horri beste bi gehitu zaizkie arratsaldean.
Nafarroan, Santos Indurain Osasun kontseilariak esan du Espainiako Ministerioarekin hitzartuko dutela noiz pasatu «euste sendoago» baten estrategiara. Haren arabera, gakoa ez da tasa zenbatekoa den, baizik eta kutsatzearen jatorria ezezaguna izatea, eta kutsatze komunitarioak izatea, «Araban eta Errioxan bezala».
Eusko Jaurlaritzak langile gehiago jarri ditu lanean osasun zerbitzuetan, eta datorren astean langile gehiago jarriko ditu.
Ospitalean dauden kutsatuen kopurua ere hazi da lurralde guztietan: Araban, 73; Bizkaian, 27; Gipuzkoan, bi; Lapurdin, bat; eta Nafarroan, bederatzi.