Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, bederatzi kilometroko auto ilarak sortu dira AP-8 errepidean Irunen (Gipuzkoa), Baionarako noranzkoan. Udako oporretako itzuleraz gain, G7koak Miarritzen (Lapurdi) egitekoak diren goi bileraren eraginez Poliziak ezarritako kontrolak ari dira buxadurak eragiten. Egunotan ere izan dira ilarak, baina puntu horretan zazpi kilometrokoak izan dira azken egunetako luzeenak.
Autobidea saihesteko, beste errepide batzuk lehenetsi dituzte auto gidariek, eta Gi-636 errepidean ere sortu dira ilarak; arratsaldeko zazpietan, lau kilometrokoak izan dira buxadurak Irunen, Baionarako noranzkoan.
Bilera larunbatetik astelehenera bitartean izango da, Miarritzen, baina jada oztopoak eragiten ari da inguruko errepideetan. Horren harira, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 7,5 tonatik gorako ibilgailuak bihartik astelehen arratsaldera bitartean ezingo direla joan Nafarroatik Ipar Euskal Herrira, kamioiak ez daitezen errepidean pilatu.
Hiru linea, bertan behera
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du bihartik astelehenera bitartean bertan behera utziko dituela Lurraldebusen hiru linea: E-21 Hondarribia (Aireportua)-Donostia (AP-8), E-22 Hondarribia-Irun (CC Txingudi merkataritza gunea) eta E-28 Hondarribia (Ama Guadalupekoa)-Aireportua.
Rafaela Romero Mugikortasun diputatuak azaldu du G7koen goi bilerak sor ditzakeen eragozpenek ezinezko egiten dutela hiru linea horiek beren ibilbidea normal egitea. Horrez gain, trena lehenesteko eskatu dute, mugikortasun arazoek eragina izan dezaketelako beste autobus zerbitzu batzuetan.