Homofobia

Bederatzi lagun ikertzen ari dira Basauriko jipoiagatik

Larunbat gauean 23 urteko gazte bat «marikoi zikina» oihuen artean jipoitzea egozten diete. Manifestaziora deitu dute biharko.

Basauriko (Bizkaia) Bizkotxalde parkeko harmailetan egin zuten erasoa. GEURIA.EUS
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 9a
08:08
Entzun

Bederatzi lagun ari dira ikertzen larunbat gauean 23 urteko gazte batek Basaurin (Bizkaia) hartu zuen jipoiaren arduradun direlakoan. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Atzo zabaldu zenez, hamahiru lagunen artean jipoitu zuten gaztea «marikoi zikina» oihuen artean, baina Ertzaintzak eta Basauriko Udaltzaingoak egindako ikerketan bederatzi pertsona identifikatu dituzte, 18 eta 27 urte bitartekoak.

Eraso homofoboa Bizkotxalde parkean izan zen, larunbat gaueko 2:30ean aldera. Erasotua konorterik gabe utzi zuten, eta ospitaleratu egin behar izan zuten. Lekukoek azaldu dutenez, 23 urteko gaztea jipoitzen zuten bitartean, «marikoi zikina» zioten oihuez gain, nazka ematen zuela esaten zioten erasotuari, eta handik alde egiteko agintzen zioten.

Lehenik erasotzaileetako bat hasi zen biktima iraintzen, hark erantzun egin zion, eta orduan hasi ziren kolpeak; gero gehitu ziren beste erasotzaileak. Jarraian, Azbarren auzorantz egin zuten ihes. Erasotuak kolpeak ditu gorputz osoan, buruan eta aurpegian bereziki. Erasotuak berak El Correo-ri azaldu dionez, gertatutakoa kontatzea erabaki du «beste norbaiti gauza bera ez gertatzeko». Kolpeen ondorioz, erasoaz ez dela gogoratzen gehitu du.

Salaketa eta manifestazioa

Basauriko Udaleko talde politiko guztiek idatzi bateratu bat argitaratu dute erasoa gaitzesteko. Oharrean diotenez, «erabat gaitzetsi behar dira pertsonen askatasuna mugatzea helburu duten horrelako ekintza matxistak», eta bakoitzak bere sexualitatea lasai adieraztea oinarrizko giza eskubide bat dela gehitu dute. 

Erasotuaren sendiak sare sozialetan zabaldu duenez, gertatutakoa salatzeko manifestazio bat egingo dute bihar, 19:00etan, udaletxetik atera eta Bizkotxalderaino, erasoa izan zen lekuraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.