Aste Santuaren atariko auto pilaketa batean gertatu da istripua: atzo arratsaldean, bi autok elkar jo zuten aurrez aurre, eta bietako batean zihoan 9 urteko haur bizkaitar bat hil egin da. Medina de Pomarren (Burgos, Espainia) gertatu zen ezbeharra.
Auto berean zihoazen 6 urteko beste haur bat, eta bi heldu —gizonezko bat eta emakumezko bat—. Larri zauritu dira haiek, Gaztela eta Leongo larrialdietako zerbitzuek jakinarazi dutenez. El Correo egunkariak baieztatu duenez, bizkaitarrak dira istripua izan duten lau lagun horietatik hiru: hildako haurra, zauritutakoa, eta emakumea.
Istripua atzoko 17:21ean gertatu zen, N-629 errepidean. 9 urteko haurra bizirik irten zen, larri zaurituta eraman zuten Burgosko ospitale batera, eta handik ordu batzuetara zendu zen. Zauritutako beste bi bidaiariak, berriz, Gurutzetako ospitalera eraman zituzten.