Gernika-Palestina herri mugimenduak ez dio entzungor egiten munduan zabaltzen ari den olatu belizistari, eta aurrerantzean Gazako sarraskiaz harago begiratuko du. Israel Palestinan eragiten ari den sarraskia ardatz hartuta, salaketa eremua zabalduko du aurrerantzean. Bide horretan, lagun izango ditu bere jardunari atxiki zaizkion hirurogei erakundeak, eta aurrerantzean «harturiko konpromisoen arabera» jokatu dezatela eskatuko die plataformak erakunde horiei.
Hain justu, Gernikaren herritik, bakea eta justizia idazkia izenpetu dute gaur goizean Gernikan. Ekitaldia Euskal Herria museoan izan da, Gernikako arbolatik hogei metro eskasera. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, EH Bildu, PSE-EE, Podemos-Euskadi eta Geroa Bai alderdi politikoak, EAEko eta Nafarroako CCOO, LAB eta EAEko UGT sindikatuak; EHU eta Mondragon unibertsitateak, eta hainbat herri erakunde eta eragile sozial.
SINATZAILEETAKO BATZUK
- Alderdi politikoak. EH Bildu, PSE-EE, EH Bai, Ezker Anitza, Geroa Bai eta Ahal Dugu.
- Sindikatuak. EAEko eta Nafarroako CCOO, LAB, EAEko UGT, Steilas, EHNE, CGT.
- Hezkuntza erakundeak. EHU, Mondragon Unibertsitatea, AEK, UEU eta Ikastolen Elkartea.
- Bestelako elkarteak. Elkar Fundazioa, Euskadiko Futbol eta Pilota Federazioak, Gerediaga Elkartea, Udalbiltza, CEAR, Medicus Mundi, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SARE, Ernai, Errigora, Gure Esku eta Euskal Herriko Bilgune Feminista.
Haien atxikimendua «inflexio puntu bat dela» nabarmendu du Eneko Gerrikabeitia Gernika-Palestinako kideak, eta haiei esker herri mugimenduak «pauso kualitatiboa» eman duela bere ibilbidean. Hark eskatu die sinatzaileei harturiko konpromisoaren arabera jokatu dezatela. Pauso horren lehen arrastoa udazkenean ikusiko da, herri ekinaldia hainbat ekitaldi prestatzen ari baita EHUrekin duen akordioaren baitan.
Sinadurak bildu aurretik, Ibon Meñika Gernika-Palestinako kideak eta Nekane Balluerka EHU errektore ohiak idazkia irakurri dute. Palestinako herria jasaten ari den genozidioa eta Israelgo estatuaren «inpunitatea» salatu dituzte, eta orain arte harturiko konpromisoak berretsi; besteak beste, elkartasun aktiboa eta genozidioaren eragileen «jazarpen judiziala» bultzatzea.
Libano, Ukraina, Sahara...
Udazkenean hiru urte beteko dira ekimena gorpuztu zenetik, eta tarte horretan hainbat gatazka piztu edo gotortu dira; hauek izendatu dituzte: Libanoko eta Irango erasoak, Errusiaren Ukrainako inbasioa, Afrikako eta Amerikako etengabeko ezegonkortzea, Mendebaldeko Sahararen okupazioa eta arma nuklearren arriskua, «berriro ere gizateriaren etorkizunerako benetako mehatxu bihurtu dena».

Horiek horrela, sinatzaileek adierazi dute herri guztien bakea eta «autodeterminazio eskubidea» defendatuko dituztela, baita Nazio Batuen Gutuna eta nazioarteko zuzenbidea ere. Izan ere, bizikidetza baketsurako tresna «inperfektu baina beharrezkoak» dira, sinatzaileen ustez.
Nabarmendu dute, halaber, «diplomazia eta negoziazioa» direla gatazkak konpontzeko bideak, eta militarismoaren aldeko apustua, gerren gogortzea, erasoak eta beldurraren politikak gaitzetsi dituzte. Haien arabera, «pertsonen ongizatea eta herrien eskubideak eta subiranotasuna» erdigunean jarriko dituzten «segurtasun politikak» defendatuko dituzte.
Gauzak horrela, sinatzaileek konpromiso kolektibo bat adierazi dute gerraren aurka eta justiziaren eta «herri subiranotasunaren alde». Halaber, konpromisoa hartu dute palestinar herriaren eta munduko herrien etorkizunaren alde, eta hitzeman dute beren esku dagoen guztia egingo dutela Israelgo «erregimen genozida isolatzeko».