Behar zaituztegu; guk behar zaituztegu, eta behar zaituztete gazteek. Badakigu ez diguzuela hutsik eginen". Altsasuko Gurasoak elkarteko Edurne Goikoetxearenak dira hitzak. Altsasun erran zituen, joan den asteburuko herriko ferien lehen egunean. Ostiralero bezala, karrikara atera ziren herritarrak, injustizia salatzera. Gaur, Iruñean eginen dute protesta, Espainiako Auzitegi Gorenaren bidez epaileek emandako azken mailukadaren aurka. Altsasuarrek argi utzi dute behar den aldi guztietan aterako direla karrikara, "erasoak herri guztia jo" duelako.
Auzitegi Gorenak hilaren 9an plazaratu zuen Altsasuko auziaren inguruko bere epaia: 79 urtetik 51 urtera jaitsi die espetxe zigorra zortzi gazteei. Diskriminazio larrigarria kendu du, eta bi auzipeturi kalifikazioa aldatu die, lesio delitua kendu baitie Aratz Urrizolari eta Iñaki Abadi. Amaia Izko abokatuak ontzat jo du zigorrak jaitsi izana, baina salatu du epaiak ez duela egoera zuzentzen; alderantziz, "neurrigabekeria" berretsi du. "Gorenera jo genuenean, justizia eta proportzionaltasun bila joan ginen", erran du. Ez dute horrelakorik jaso, ordea.
Kolpea izan da azken epaia gazteentzat eta beren familientzat; eta kolpea izan da altsasuar gehienentzat. Herriko karriketan agerikoa da Altsasuko gazteen aurkako auziak utzitako arrastoa. Paretetan eta balkoietan zintzilik dira justizia eskatzen duten pankartak eta banderak. Gaur Iruñean eginen duten elkarretaratzea iragartzen duten kartelak dira, hain justu, jarri dituzten azkenak: Hau ez da justizia. Urriaren 26an, 17:00etan, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean.
Hiru urte joan dira jada herriko zortzi gazte auzitara eta haietako zazpi espetxera eraman zituen liskarra gertatu zenetik. Ferietan izan zen. Aurreko asteburuan ospatu dituzte aurtengoak. Besta egin dute altsasuarrek, berriz ere. Ospatu dute. Baina ez da berdina. "Aurrera egin bertze erremediorik ez dugu; baina sumatzen da auziaren arrastoa; ez bakarrik ferietan, egunero sumatzen dugu. Hor dago beti", erran dute Altsasuko hainbat gaztek, herriko taberna batean.
Espainiako Auzitegi Gorenaren azken ebazpenak orain arteko ezinegona areagotu bertzerik ez du egin herritarren artean. "Guretzat zaila da onartzea gure gazteak espetxera eraman dituen bidegabekeriak aurrera egiten duela. Mingarria da". Horixe nabarmendu dute izena ez eman nahiago duten bi altsasuarrek. "Esperantza? Gutxi genuen, hasieratik agerian gelditu delako zenbaterainokoa den auziaren inguruan eraiki duten azpijoko mediatiko, politiko eta judiziala", erantsi dute. Zehaztu dute, halere, ez dutela etsiko. "Karrikan izanen gara behar den guztietan; Espainiako Auzitegi Konstituzionala eta Estrasburgo izan daitezke hurrengo urratsak, eta, gu, gazteak eta familiak babesten egonen gara bidean".
Amaitu ez den injustizia
Gazteak eta familiak ditu buruan Erkuden Ruiz Barrosok ere. "Elkartasuna agertzeko ekitaldi guztietan parte hartu, eta kalean jarraitu, besterik ezin dugu egin. Gurasoen ondoan egon behar dugu egiten dituzten urrats guztietan, gertatu den injustizia salatzen", nabarmendu du Altsasuko kazetariak.
"Zer gehiago egin dezakegu?", galdetu du, etsipen puntu batekin. "Auzitegi Gorenaren epaiak ez du orain arteko injustizia zuzendu". Bidegabekeriak bertze urrats bat egin duen sentipena dute bertze herritar anitzek ere. Egindako protestek ez dutela errealitate hori aldatzea lortu, alegia. Aldi berean, argi dute injustiziaren aurka lanean jarraitu behar dutela. Egunerokoaren zurrunbiloak hartu arren, protestak eta aldarrikapenak izan behar dutela beren tokia altsasuarren artean.
"Gu izaten ahal ginen". Horixe pentsatzen dute gazte anitzek. Altsasuko auziko zortzi kideei gertatu zaiena haiei gertatzen ahal zitzaiela. Institututik atera berri diren bi neska gaztek argi dute hori. "Gu ere gazteak gara; guri gertatzen ahal zitzaigun, eta espetxean egoten ahal ginen orain, azpijoko baten ondorioz", nabarmendu dute.
Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiarekin "gaizki" direla erantsi dute. "Zigorra jaitsi dute, baina gazteek espetxean segitzen dute. Ez da bidezkoa gertatzen ari dena". Gorenaren ebazpenak injustizia zuzenduko zuen esperantza bazutela onartu dute, eta, ondorioz, epaiarekin jasotako kolpea "okerragoa" izan dela erran dute.
Gaur Iruñean izanen dira biak. "Ezin dugu atzera egin. Kalean jarraitu behar dugu, Auzitegi Gorenak bere epaia eman arren. Bidea ez da hemen bukatu, jarraitu behar dugu". Herritarrak protestarekin bat egiteko gogoz direla uste dute gazteek: "Azken ebazpenaren berri jaso eta gero, jendeak badu kalera ateratzeko beharra eta indarra".
Salatzen jarraitzeko behar hori berretsi du Mikeldi Diez altsasuarrak ere. Espainiako Auzitegi Gorenak orain arteko bidegabekeria zuzenduko zuen sententzia emanen zuenik ez zuen espero berak. "Argi utzi dute haiekin ezin dugula deus egin. Ezinezkoa da. Horixe da dugun sentipena. Familiak, lagunak, herri osoa saiatu da auziarentzat neurriko erantzun bat emanen zuen bidea zabaltzen, baina ezinezkoa izan da", erran du.
Espainiako erakundeek, alderdiek eta hedabideek Altsasuko auziaren inguruan garatu duten diskurtsoak erakusten du "atzera" egin dutela, Diezen ustez. Hala eta guztiz ere, "justizia eske" jarraitu bertze biderik ez dagoela uste du altsasuarrak. "Kalean jarraitu behar dugu, mobilizatzen. Ez da bakarrik Altsasu; Katalunia ere bada. Han eta hemen, kalean jarraitu behar dugu. Deus ez dugula egiten sentitu arren, argi izan behar dugu etenik gabeko protestekin lortu dezakegula gauza asko. Atzera eta atzera ari dira Espainiako agintariak. Aurrera egiteko bide bakarra mobilizatzea da", erantsi du.
Protesta gehiago
Mobilizatzen jarraituko dute altsasuarrek. Nafarroako Justizia Jauregiaren aurreko elkarretaratzea ez da gaurko protestarako aukera bakarra izanen, ekitaldi horrekin bat eginen duen bizikleta martxa ere antolatu baitute; Altsasutik abiatuko da, eta Iruñeko Antoniutti parkera ailegatuko da 16:30ean. Handik eginen dute auzitegirainoko bidea.
Azaroaren 2an, bertzalde, kontzertua eginen dute Altsasun, espetxean diren gazteen alde. Azaroaren 5ean, erakusketa bat inauguratuko dute kultur etxean, Santiago Sierraren Preso politikoak Espainia garaikidean izenburuko obrarekin. Arcon zentsuratu egin zuten lan hori. Azaroaren 8an, mahai ingurua eginen dute Altsasuko auziari buruz, eta, hil horren 24an, berriz, bertze kontzertu bat, Euskal Herriko eta Kataluniako artistekin.
Altsasuko Gurasoek borrokari eta protestari eutsi nahi diote, eta herri bat dute atzean, familiak bide horretan Estrasburgoraino laguntzeko prest. "Herri guztiaren aurka egin dute; herri guztiaren aurkakoa da bidegabekeria", errepikatu dute altsasuar anitzek.
"Astakeria judizial ikaragarria da hau". Hitz horiekin laburbildu du Adur Ramirez de Aldaren ama Bel Pozuetak Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean sentitutakoa. Babesa eskatu dute gurasoek. Eta herria emateko prest da.