Behatokiak salatu du Nafarroako Foruzaingoak euskaldunen aurkako «tratu iraingarria» duela

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi du Foruzaingoak artxibatu egin duela Euskararen Telefonoan erregistratutako kexa bat euskara hutsean idatzita egoteagatik. Salatu du euskara gutxietsi egiten duela Foruzaingoaren komunikazio taldeak.

Garbiñe Petriati Behatokiko teknikaria eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria. HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikaria eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria, artxiboko irudi batean. HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA
edurne begiristain
2025eko urriaren 9a
13:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu du Nafarroako Foruzaingoak ez duela bermatzen herritarrek arreta eta informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea. Duela egun batzuk, Euskararen Telefonoan erregistratutako kexa bat helarazi zion Behatokiak Nafarroako Foruzaingoari sare sozialetan erabili ohi duen euskara «traketsari» buruz, eta kexa horri honela erantzun zion Poliziaren komunikazio taldeak: «Nos gustaría recibir esta comunicación también en castellano, con el fin de poder entenderla y contestarla. Es incomprensible cómo no se utilizan las dos lenguas oficiales de Navarra [Mezu hau gaztelaniaz ere jaso nahi genuke, zer dioen jakin eta erantzun ahal izateko. Ulertezina da nola ez diren erabiltzen Nafarroako bi hizkuntza ofizialak]».

Behatokiak, euskara erabiltzeko eskubidean oinarriturik, Foruzaingoaren betebeharrak gogorarazteko mezua bidali zion bueltan, eta urriaren 3an Foruzaingoak zera erantzun zion: «Expediente inicial solo en euskera, contestación a nuestro requerimiento solo en euskera… No entendemos. Manzanas traigo… Archivamos [Hasierako espedientea euskaraz bakarrik, gure eskaerari euskaraz bakarrik erantzun... ez dugu ulertzen. Hor konpon, Marianton... Artxibatu egingo dugu].

Behatokiak ohartarazi du «erabat onartezina» dela Nafarroako erakunde publiko batek eta bertako langile publikoek euskara eta herritar euskaldunak «gutxiestea» eta «mespretxatzea». «Are larriagoa da, gainera, jasotako arretaz kexu diren herritarrei eta erakundeei horrelako lotsagabekeria eta inpunitatearekin erantzutea», erantsi du. Erakundearen ustez, agerian uzten du euskararen inguruko «ezagutzarik eta errespeturik eza».

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak BERRIAri adierazi dionez, azken urteetan jaso dituzten kexek erakusten dute foru poliziaren mezu ofizialak gaztelania hutsez egiten direla sarri, nahiz eta araudiak berariaz ezartzen duen elebitasuna bermatu beharra dutela. «Ez da soilik arreta euskaraz jasotzeko ezintasuna; sare sozialetan ere gaztelera hutsezko mezuak dira nagusi, eta, euskarazkoak egiten dituztenean, askotan traketsak eta ulergaitzak dira».

Lanpostuak euskaraz

Gaubekak azpimarratu du Foruzaingoaren komunikazio taldean ez dagoela euskaraz jakitea nahitaezkoa duen lanposturik, eta hori dela arazoaren oinarrietako bat. «Joan den urtean, esan ziguten komunikazio arloan ez zegoela euskaraz dakien langilerik, eta aurten ere ez da aldaketarik izan. Are gehiago, komunikazio arloaren buruak esan zigun lanpostu horiei euskararen eskakizuna jarriko balitzaie zailagoa litzatekeela horiek betetzea. Harrigarria da horrelako erantzuna jasotzea».

«Euskararen ezagutza duten lanpostuen kopurua oso txikia da, eta horrek arazoaren sakoneko muina erakusten du, alegia, aitortza falta eta mespretxua»

AGURNE GAUBEKAHizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Behatokiak Euskarabidera eta Nafarroako Gobernura ere helarazi ditu kexak, neurriak har ditzatela eskatzeko. «Arartekoak gomendatu egin zuen komunikazio taldean euskaraz dakiten langileak sartzea, edo, bitartean, itzulpengintza zerbitzua ezartzea. Alabaina, itzulpen zerbitzuek ez dute nahikoa bermatzen hizkuntza eskubideak betetzea, are gutxiago 24 orduko zerbitzua bada eta herritarren segurtasuna tartean badago. Horregatik, lanpostu horietan euskaraz jakitea nahitaezkoa izan beharko litzateke», nabarmendu du.

Behatokiaren ustez, langile publiko guztiek euskaraz jakin beharko lukete halako egoerarik ez sortzeko, herritarren eskubidea ez ezik administrazio publikoen betebeharra ere badelako. «Jarrera kontua da; askotan ez dira ezagutzen herritarrek euskara erabiltzeko dituzten eskubideak eta langileen betebaharrak. Euskararen ezagutza duten lanpostuen kopurua oso txikia da, eta horrek arazoaren sakoneko muina erakusten du, alegia, aitortza falta eta mespretxua», kexu da Gaubeka.

Behatokiak herritarrei dei egin die euskarazko zerbitzua jasotzeko arazoak daudenean edo gaztelania erabiltzera behartzen dituztenean sala ditzaten. Bi bide daude horretarako: www.euskararentelefonoa.eus webgunea eta 948-14 61 72 telefonoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.