Behera egin du alkohola, tabakoa eta kalamua kontsumitzen dutenen kopuruak EAEn

2023ko Euskadiko Adikzioen Inkestaren arabera, emakumeek gizonek baino lasaigarri gehiago hartzen dituzte. Bestalde, herritarren erdiak zori jokoren batean aritzen dira.

Alkohola pilotalekuan
Alkoholdun edariak, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko urtarrilaren 26a
16:15
Entzun

Tabakoa, alkohola eta kalamua kontsumitzen dutenen kopuruak behera egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala ondorioztatu du 2023ko Euskadiko Adikzioen Inkestak; Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurkeztu du, gaur. Kalamua ez diren legez kanpoko drogen kontsumoak ere behera egin du, baita zori jokoetan aritzen direnen kopuruak ere. Aurreko inkesta 2017an egin zuten. Orain aurkeztu dutena, berriz, iazko martxoa eta ekaina bitartean jasotako erantzunekin egin dute; 14 urtetik gorako 2.500 pertsonak hartu dute parte.

Inkestan ondorioztatu dutenez, tabakoa eta alkohola dira gazteen hartzen hasten diren drogak, eta geroago kalamua. Zenbat eta nagusiago, orduan eta kontsumo txikiagoa. Lasaigarriak dira salbuespena, kontrako joera baitute. Era berean, gizonek dute kontsumo prebalentzia handiagoa, lasaigarrien kasuan izan ezik.

Kontsumoak behera egin duen arren, Osasun Sailak onartu du alkoholaren, tabakoaren eta kalamuaren kontsumoa «handia» dela «oraindik», bereziki «biztanleen segmentu batzuetan».

1

Alkohola

Azken hamabi hilabeteetan biztanleen %76k kontsumitu dute alkohola. 1992tik ―urte horretan egin zuten lehenengo inkesta― gaur arte, behera egin du kontsumoak, bereziki eguneroko kontsumoak. Adin talde guztietan murriztu da eguneroko kontsumoa, 55-74 urtekoen adin tartean izan ezik. Osasun Sailaren arabera, herritarren «ehuneko handi batek» ez du alkoholik edaten aste barruko egun bakar batean ere; asteburuetan, berriz, edaten ez dutenen kopurua «oso txikia» da.

2

Tabakoa

Biztanleen %23,8k tabakoa kontsumitu dute azken hamabi hilabeteetan. Jaitsiera aipagarriena gazteen artean izan da; hots, 34 urtetik beherako herritarretan. Egunean bost zigarro baino gutxiago erretzen ditu hiru gizonetik batek eta lau emakumetik batek. Azken hilabeteari dagokionez, biztanleen %80k ez dute ezta behin ere erre, eta erre dutenen erdiak baino gehiago erretzeari uzten saiatu dira.

Zigarro elektronikoari buruzko informazioa ere jaso dute inkestan: 2017tik, hirukoiztu egin da haren erabilera, %5etik %15era. Gazteek gero eta gehiago erabiltzen dute.

3

Kalamua

Kalamuaren kontsumoa ere apaldu egin da 2017tik. Zehazki, azken hamabi hilabeteetan, herritarren %7k kontsumitu dute. Eguneroko kontsumoak eta azken hilabetekoak ere behera egin dute: %1,5ek egunero kontsumitzen dute kalamua, eta %4k azken hilabetean kontsumitu dute.

15 eta 35 urte bitarteko gazteek kontsumitzen dute kalamua gehien. Hala ere, haien kontsumoa murriztu egin da. Gizon kontsumitzaileen laurdenak eta emakume kontsumitzaileen %14k «osasunerako arriskutsua» izan daitekeen neurrian kontsumitzen dute.

4

Legez kanpoko beste droga batzuk

Legez kanpoko beste droga batzuen kasuan, 2023ko inkestak berretsi egin du 2017koak adierazitakoa: noizbehinkako kontsumoa areagotu egin da. Hau da, bizitzan noizbait horrelako drogak kontsumitu dituztenen kopurua handitu egin da. Azken hamabi hilabeteetan biztanleen %2,5ek legez kanpoko beste substantziaren bat kontsumitu dute.

Hala ere, azken urteko eta azken hilabeteko kontsumoak behera egin du, eta 90eko hamarkadako kopuruetara jaitsi da. Kokaina eta anfetaminak dira maizen kontsumitzen dituzten legez kanpoko drogak, baita estasia ere. Izan ere, azken horren eta antzekoen kontsumoak gora egin du azken hamarkadan.

5

Lasaigarriak

Gero eta herritar gehiagok kontsumitzen dituzte lasaigarriak errezeta medikoarekin. Emakumeei dagokionez, 2010etik da goranzkoa joera; gizonetan, berriz, 2017tik. Adina handitu ahala, gero eta herritar gehiagok kontsumitzen ditu horrelako lasaigarriak. Inkestak nabarmendu duenez, 74 urtetik gorakoen kasuan, lasaigarriak hartzen dituzten emakumeen kopuruak (%40) bikoiztu egiten du gizonena (%20).

Kontrakoa gertatzen da, hala ere, tratamendu medikotik kanpoko lasaigarrien kontsumoan. Osasun Sailaren arabera, horrek iradokitzen du «sendagaiak desegoki erabiltzen» direla, eta apaldu egin da haien erabilera. Biztanleen %1ek baino gutxiagok errezeta medikorik gabe hartzen dituzte lasaigarriak.

6

Jokoa

Bi herritarretik batek jokatzen du loterian, kinieletan eta halakoetan urtean zehar. Kirol apustuak ere egiten dituzte, baina nabarmen gutxiago. 2017ko inkestarekin alderatuta, gutxiago dira orain zori jokoetan aritzen direnak. Presentzialki jokatzen dute gehien, eta gizonek gehiago. Gazteak ez dira zori jokoetan hainbeste aritzen, baina online jokoak gehien erabiltzen dituztenak dira. Astean behin jokatzen dutenen artean aurkitu dute joko patologikoaren proportziorik handiena.

7

Internet

15 eta 34 urteko herritar gehienek egunero erabiltzen du Internet. Erabilera nabarmen murritzagoa da adin tarte zaharrenetan; 74 urtetik gorakoen %21ek erabiltzen dute egunero Internet.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.