Delituak behin baino gehiagotan egiten dituzten adingabeen kopurua %11ra jaitsi da

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Maria Jesus San Josek parlamentuan azaldu duenez, delituak egiten dituzten adingabe gehienak 16 eta 17 urteko gizonezkoak dira.

Maria Jesus San Jose sailburua Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maria Jesus San Jose sailburua Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2025eko abenduaren 3a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arau hausteren bat egiten duten adingabe gehienek behin baino ez dute egiten delitua; are, lau urtean jaitsi egin da delituak berriz egiten dituztenen tasa: %13tik %11ra. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Jose Eusko Legebiltzarrean izan da gaur, 2020-2024ko aldirako Gazteen Justizia Planaren ebaluazioaren berri ematen, eta pozik agertu da datu horrekin: «Neurriek funtzionatzen dute».

Ebaluazioan jasotako datuen arabera, delituak egiten dituzten adingabeak, batez ere, 16 eta 17 urteko gizonezkoak dira; gehienak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaioak dira, baina %28, kanpokoak. Datu horren inguruan galdetu dute PPk eta Voxek, nabarmenduta Espainiako Estatuko batezbestekoaren gainetik dagoela Euskal Autonomia Erkidegoa. San Josek erantzun du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sistemek adingabeak hartzeko gaitasun handiago dutela, eta ondorioz gazte gehiago heltzen direla, «seniderik gabe, eta ibilbide oso gogorrak dituztenak». 

Inklusio neurriak indartzeko beharra ere aipatu du, eta ildo beretik mintzatu da Justizia zuzendari Jose Maria Bastos: «Datua gizarte bazterketarekin lotuta dago, eta ez naziotasunarekin. Inork ez du deliturik egiten herrialde batekoa delako, baizik eta faktore sozioekonomikoen ondorioz».

DATUak

11.751

Adingabeek zenbat delitu egin zituzten lau urtean. 2020 eta 2024 bitartean, 11.751 arau hauste egin zituzten adingabeek: 1.967 delitu arinak izan ziren, eta 9.784 larriagoak, hala nola genero indarkeria, etxeko bortizkeria, lapurretak eta lesioak.

3.611

Adingabeei zenbat neurri ezarri zaizkien. Lau urte horietan, 2.738 zigor epai eman zituzten auzitegiek adingabeen kontra, eta 3.611 neurri ezarri zizkieten, batez ere zaintzapean aske uztea, zentro itxi batean sartzea, edo komunitatearen aldeko lanak egitea. «Ebazpen judizialak eraginkortasunez gauzatzen» direla ziurtatzeko helburua bete egin dela adierazi du San Josek.

2.470

Justizia errestauratiboko zenbat prozesu egin diren. Justizia errestauratiboaren barruan, 2.470 bitartekaritza jarri ziren martxan, eta %73 ondo atera ziren. «Prozesu horiek erraztu egiten dute adingabeek erantzukizuna hartzea, egindako mina konpontzea eta delituak berriz egiteko arriskua jaistea», esan du sailburuak.

Ebaluazioko datuei erreparatuta, eta aldi berean hurrengo planari begira, hainbat erronka eta zailtasun aipatu ditu sailburuak: buru osasuneko arazoak, substantzien kontsumoa, «aisialdi egituratuaren» falta, familien zaurgarritasuna, teknologien eragina adingabeen jokabidean, eta sexu askatasunari lotutako delituak gero eta lehenago agertzea. Haren arabera, zailtasun horiek «ikuspegi integral bat» eskatzen dute, «prebentzioa, hezkuntza eta laguntza soziala uztartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.