«Ikasleek ikastetxeetako ebaluazioetan lortzen dituzten emaitza akademikoak erlazionaturik daude adierazle sozioekonomikoekin eta hezkuntza adierazleekin», ohartarazi dute. Horregatik, emaitzarik apalenak dituzten eskolei begira, askok ikuspegi sozialetik ere eragozpenak dituztela erreparatuta, «ebaluazio sakonagoak» eskatu dituzte: eta baliabide gehiago. «Behar bestekoak, jatorrizko gabeziak konpentsatu eta ikasle guztientzat finkatutako konpetentzien garapen maila lortu ahal izateko». Txosteneko ondorioetako batzuk dira horiek. LOMCE lege erreformak ekar ditzakeen kalteei ere erreparatu diete. Hona beste hainbat gai:
IKASLE ATZERRITARRAK
Sare publikoan usuago ari dira familia etorkinen seme-alabak, itunpekoan baino. Txostenak eman ditu datu adierazgarriak zentzu horretan ere: 2012-2013ko ikasturtean ikasleen %9,9 etorkinak ziren sare publikoan. Itunpeko ikastetxeetan, aldiz, apalagoak ziren ehunekoak: Kristau Eskolan %6,4 ziren atzerritarrak, eta Partaideko zentroetan, %2,6. Datu horiek ere sareen artean handiagoa egiten ari den «aldearen» seinaletzat ditu Eskola Kontseiluak, eta aztertzeko eskatu du.Ildo berean, dena estuki lotuta dagoelakoan, ikasle etorkinen hizkuntz hautuaren gaineko gogoeta eskatu du. Datuak eman ditu horren harira ere. Izan ere, A ereduan eta sare publikoan, halaxe ari ziren 2012-2013ko ikasturtean ikasle etorkin gehienak: %48. Ingurumari horretan, ikasle etorkinen premiei begira aparteko neurriak hartzeko eskatu du txostenean. Hona aholkua: «Ikasle etorkinen eskolatze prozesuan arreta berezia jartzea, gure hezkuntza sistemaren bereizgarria den ekitatera gehiago hurbiltzen diren emaitzak lortzeko eta emaitza horien jarraipen publikoa egiteko». Hizpide dituzten emaitzak PISA-2012 txostenekoak dira. Adibiderako, hona: zientzietan, gainerako ikasleekin alderatuta, 70 puntu gutxiago izan zituzten ikasle etorkinen emaitzek; matematiketan, berriz, 86 punturena izan zen aldea. Hala ere, nabarmendu dute ikasle etorkinei buruzko informazio osoagoa izate aldera 2013ko ebaluazio diagnostikoko datuak falta direla. Argitaratzeko eskaria egin dute.
HIZKUNTZAK
«Euskarazko hizkuntza komunikaziorako konpetentzia emaitzak hobetzeko plangintza bat finkatzea. Kontseiluak eman dituen beste gomendioetako bat da. Etabada horretarako premia: ikasleen %25ek euskara irakats hizkuntza gisara darabilte behar adinako hizkuntzaren ezagutzarik izan gabe, eta horrek zaildu egiten du haien ikasketa prozesua. Hortik ikasle horiekin aparteko lana egin beharra. Izan ere, datuek argi erakusten dute etxeko hizkuntza euskara dutenek —ikasleen laurdenak dira, txostenaren arabera, LHko laugarren mailan— emaitza hobeak lortzen dituztela ebaluazio testetan. Azkeneko PISA txostenean, adibidez, 27 puntu gehiago lortuzituzten euskaran, eta 16 matematika eta zientzietan. Horregatik indartu behar da euskara; eskolan bertan, eta ikasgelatik lekora. Honela segitzen du aholkuak: «Plangintzak eskolatik kanpoko beste baliabide batzuk ere barne hartu beharko lituzke, batez ere euskararen gizarte erabilera urria deneko lekuetan».Hizpide du txostenak hezkuntza eredu hirueleduna abian jartzeko proiektua ere. Baikorki. «Lehen faseko ebaluazioak oso emaitza onak izan ditu parte hartu duten ikastetxeetan, ingelesezko berariazko konpetentzia eta gainerako konpetentziak hobetu baitituzte». Bigarren faseko emaitzek zer dakarten ikusita, lanean jarraitu ahal izango dela esan dute. Ohartarazi dute, ordea, aurrera taxuz egiteko ezinbestekoa dela «ingelesez irakasteko gai diren irakasle nahikorik egotea». Ildo horretan, prestakuntzan eta lantaldeen kudeaketan lan egin behar dela esan dute.
FINANTZAKETA
Finantzaketari buruzko atalean, sare publikoak krisialdi ekonomikoak erasandako urteotan jasan duen beherakadari erreparatu diote. Alderaketa batekin: «2009-2012ko aldian ikastetxe publikoetako gastua %12,4 jaitsi da, baina ikastetxe pribatuetan hamarren bat baino ez da jaitsi». Hortik, txosteneko gomendioetako bat: «Euskadiko Eskola Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari hezkuntzarako inbertsioa hobetzeko ahaleginak egin beharraz ohartarazi dio». Sare publikoko «inbertsioak» murrizketen ondorioz nabarmen apaldu direla ohartarazi du, eta hor jarri behar dela aparteko indarra. «Ikastetxe publikoetako instalazioetan dauden premiarik larrienen ikerketa bat egitea eskatzen du, premia horiei erantzun bat eman dakien».Hezkuntzaren geroaz gogoeta egitea ezinbestekoa dela oroitarazita, bi eskari zehatz egin dizkio Jaurlaritzari Eskola Kontseiluak. Ikastetxe publikoetako lan taldeen «behin-behinekotasun» adierazleei erreparatu die, eta etorkizun hurbilean irakasle gero eta gehiago ordezkatu beharko dela iragarrita ikerketa bat egiteko eskatu du: «behin-behinekotasunaren zergatiak» aztertzeko eskatu du, eta, bide batez, egonkortasuna areagotzeko eta irakasleen berriztatzea plangintzatzeko proposamenak eta konponbideak aztertzeko. Geroa bermatzeko.
Ildo berean, analisiaren alorrean aurrera egiteko asmoz, oroitarazi du Eusko Legebiltzarrak ontzat jo zuela euskal hezkuntza sistemaren analisi «objektiboa eta gardena» egiteko balioko zuen adierazle multzo bat finkatzea, eta atxikimendua erakutsi dio helburu horri. Aztertzeak aldaketa ekarriko duelakoan: hoberako. Oroitarazi du, era berean, komenigarria litzatekeela hezkuntzaren alderdi ekonomikoei buruzko informazio osoagoa izatea —itunpeko ikastetxeetako lantaldeak, sailaren aurrekontuaren banaketa hezkuntza sareetan eta abar aipatu ditu— analisi osoagoak egiteko eta beste leku batzuetako hezkuntza sareekin erkatzeko.