Bel Pozuetak EH Bilduko diputatu izateari utziko dio: «Nire osasunak energia murriztu dit, baina ez konpromisoa»

X sare sozialean zabaldutako mezu batean egin du iragarpena Pozuetak. EH Bilduren proiektuari lotuta jarraituko duela iragarri du, «inurri lana ez baita amaitzen». Koalizioak ez du iragarri nork ordezkatuko duen Pozueta Nafarroako zerrendaburu gisa.

Bel Pozueta, agerraldi batean. Artxiboko irudi bat da. IÑIGO URIZ / FOKU
Bel Pozueta, agerraldi batean. Artxiboko irudi bat da. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko urriaren 13a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia zazpi urteren ostean, badoa. Bel Pozuetak iragarri du EH Bilduren ordezkari izateari utziko diola Espainiako Kongresuan. X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez egin du iragarpena: «Iritsi da Madrilen lekukoa emateko unea. Baina ez noa: inurri lana ez da inoiz amaitzen».

Pozuetak 2019an lortu zuen diputatu akta, baina ez lehen kolpean. EH Bilduk Nafarroako zerrendaburu izendatu zuen urte hartan, baina martxoaren 13ko hauteskundeetan ez zuen eserlekua lortu. PSNk eskuratu zuen ordezkaritza hori, boto gutxiren aldeagatik. Azaroaren 10ean, ordea, berriz egin zituzten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta orduan bai, Madrilerako txartela lortu zuen Pozuetak. «EH Bilduren proiektuarekin bat zetozen nafar guztiei dei egin nien, haiekin guztiekin partekatu nuen proiektu itxaropentsu eta eraldatzaile bat genuela, eta nire ahalegin guztiak jarriko nituela, baita Madrilgo taldearenak ere, Nafarroa plural, aurrerakoi, euskaldun eta feministaren bozeramaile izateko; eta, orain arte, huraxe egiten saiatu gara», adierazi du sare sozialetan zabaldutako mezuan.

EH Bilduko eledunak osasun arrazoiak aipatu ditu bere agurraren motiboak aletzeko tenorean. Zehazki, esan du erantzukizun politikoak «bizi energia eta konpromisoa» exijitzen dituela: «Aitortzen dut nire osasunak beharrezko energia murriztu didala; ez, ordea, proiektura lotzen nauen konpromisoa».

Energiak akituta ere, «harro» azaldu da Espainiako Kongresuan eginiko lanaz eta orain arteko ibilbide politikoaz: «Harro nago azken urte hauetako Estatuko politikaren une garrantzitsuenetan parte hartu izanaz, EH Bilduk bere arrastoa utzi baitu, erantzukizunez eta Hego Euskal Herriko herritarren eta, ondorioz, Nafarroako herritarren bizitza atseginagoa eta duinagoa egiteko helburuarekin».

Politika instituzionaletik erretiratuta ere, «EH Bilduk defendatzen duen askatasun proiektua inoiz baino gehiago bultzatu» asmo duela gehitu du Pozuetak, baina, aurrerantzean, «beste esparru batzuetan» eginen du lan, «edozein borroka politikoren inurri lanaren beharretik abiatuta». «Nire konpromisoak bere horretan jarraitzen du, ez dira txikiak hurrengo hilabeteetan etorriko zaizkigun erronkak, faxismoaren aurkako partida oso garrantzitsua baita». Edonola ere, EH Bilduren proiektuan konfiantza agertu du: «Ziur naiz gure herriak irabaziko duela borroka hau ere».

Eskerrak ere eman dizkie EH Bilduko komunitate osoari, lankideei eta urte hauetan «babestu eta hurbiltasunean maitasuna erakutsi» dioten guztiei. Oraingoz, koalizio independentistak ez du iragarri nork ordezkatuko duen Pozueta Madrilgo kongresurako bozetan, baina eledun nafarrak «indar, poz eta ilusio handiena» helarazi dizkio EH Bilduren Nafarroako zerrendaburu izanen den hurrengo pertsonari.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA