Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordea aurrera doa, eta azken lau asteetan bertatik iragan dira Belateko tunelaren kontratazio mahaiko zortzi kideak. Haien azalpenak entzun ostean, PSNk, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak ondorio argi bat dute: tunelak bikoizteko lanak adjudikatzeko orduan, kontratazioa mahaiak ez zuen presio politikorik izan. Kide guztiek hala egiaztatu dute euren agerraldietan.
Astelehenero bezala, Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren Eledunen Batzordea bildu da, eta, ondorengo prentsaurrekoan, gaia hizpide izan dute taldeek. Espero bezala, batzuek eta besteek ez dute adierazi ikuspegi bera. Ikerketa batzordearen hasierak kolokan jarri badu ere azpiegitura handi horretan ustelkeria egon dela dioen bertsioa, eskuineko oposizioak iritzi dio «susmoak eta zantzuak» handitu egin direla.Â
Belateko tunelen adjudikazio prozesua 2023ko udaberrian hasi zen. Bizpahiru hilabete iraun behar zuen prozesu hori ia urtea amaitu arte luzatu zen, kontratazio mahaiko kideen artean eztabaida eta gatazka handia izan zutelako. Zortzi kideetatik bost ingeniaritza arloko teknikariak ziren, eta beste hirurak, berriz, legelariak. Azken horiek, auzitan jarri zuten enpresen balorazio teknikoa egiteko prozesua, eta azalpen teknikoa behar bezain garden ez egitea leporatu zieten beste bost kideei. Haiek txosten hori lau aldiz zuzendu bazuten ere, amaieran hiru boto partikularren bidez azaleratu zen desadostasuna.
UPNk talka horren gainean eraiki du susmoaren diskurtsoa, baina ikerketa batzordeak egiaztatu du ez dagoela frogatzerik balorazio teknikoa manipulatu zela. Horrekin batera, batzordetik igaro diren zortzi kideek irmo ukatu dute Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Lurralde Kohesioko kontseilariek eta haren menpeko goi kargudun politikoek presio egin izana.
UPNk bereari eutsi dio
UPNko Javier Esparzaren esanetan, baina, berdin dio horrek. «Norbaitek pentsatzen bazuen mahaiko kide batek onartuko zuela presio politikoa jaso zuela, ez da horrela. Gutako inork ez zuen halakorik pentsatzen. Inork ez du halakorik aitortuko, delitu bat egin izana onartzen ariko litzatekeelako bestela».
Gogora ekarri duenez, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia kartzelan dago oraindik. Etxean atzemandako miaketan Antxon Alonso enpresaburuari Cerdanek Servinabar enpresan ustez zuen partaidetza baten frogagiria atzeman ziotenez, Belateko tunela «Cerdanen alde» adjudikatu izana da UPNren susmo nagusia: «Horri buruz ez dute hitz egin nahi. EH Bilduk hori ezkutatu nahi du, baina agerian dago gobernuak oso bekatu larria duela eta EH Bilduk egoera hori baliatu nahi duela».Â
PSNko Ainhoa Unzuren arabera, kontratazio mahaiko kide guztiek agerian utzi dute ez dela esku hartze politikorik egon eta euren artean eztabaida handiak izan zituztela. «Horrek ez du esan nahi inondik ere ustelkeria kasu bat denik», azpimarratu du, eta gaineratu: «Hemen arazoa da oposizioak mahaiko kideen artean errudun bat topatu behar duela gobernua eraisteko. Horretarako errealitatea manipulatu behar dute, behar duten kontakizun hori sinesgarri egiteko».Â
Antzeko analisia egin du EH Bilduko Laura Aznalek. Haren irudiko, kide guztiek oso argi utzi dute euren zereginean ez zutela presio politikorik jaso. «Eskuinak eraiki duen kontakizunaren oinarria bera goitik behera erortzen ari da. Dena den, bide luzea du egiteko ikerketa batzordeak, pertsona asko falta dira oraindik ere, eta adi jarraituko dugu».
Aldaketak legean
Pablo Azkona Geroa Baiko eledunaren ustez, Belateko tunelaren inguruko auziak agerian utzi du atzean badagoela arazo tekniko bat, kontratazio publikoko prozeduren ingurukoa. «Egia da horri buruzko iritzi desberdinak azaleratu direla batzordean». Duela zazpi urte, Kontratu Publikoen Foru Legea moldatu egin zen, eta hainbat aldaketa esanguratsu ezarri zituzten, baina oraingo eztabaida horrek agerian utzi du aldaketa gehiago egin beharko direla prozedurek berme handiagoak izan ditzaten: «Hori etorkizunerako gaia izango da».Â
Zurekin Nafarroako Daniel Lopezi esanguratsua iruditu zaio nolako tentsioa jasan zuten kontratazio mahaiko kideek. 76 milioi euroko kontratua zen, eta inguruan «zurrumurruak» ziren nagusi. Nolanahi ere, Lopezek agerian utzi du mahaiak erabilitako prozedura «beste kasu batzuetako berbera» izan zela. Dena den, uste du etorkizunerako erabat bermatu behar dela kontratazio mahaiko kideek «bereizita eta gainerakoen botorik jakin gabe» egin behar dutela balorazio teknikoa.
PPko Irene Royoren ustez, baina, adjudikazio prozesua juridikoki «baliogabea» da, eta arau hauste larriak egin dira. «Interes gatazka, iruzurra edo ustelkeria egon daitezke atzean, eta, hala ez balitz, azal dadila ondo zeren ondorio diren irregulartasun horiek», aipatu du. Politikoki, Txibite «kale itsu batean» ikusten du. «Ezin du aurrera jarraitu, ezer gertatu ez balitz bezala».Â
Osoko bilkura berezia ostegunean
Politika orokorreko eztabaida egingo da ostegunean eta ostiralean. Eskuineko oposizioak, ezinbestean, Acciona eta Servinabarri adjudikatutako herri lanen gain jarriko du arreta, eta gobernuko bazkideek, susmo horiei erantzuteaz gain, orain arte egindako guztiari erreparatu nahiko diote. Ostegunean, lehenik, Maria Txibite lehendakariak hartuko du hitza. Gero, goizeko saioan, taldeetako eledunek hitz egingo dute, ordu erdiz, ordezkaritza handienetik hasita eta txikienera arte. Arratsaldeko saioan, Txibitek haietako bakoitzari erantzungo dio, eta bozeramaileek berriro tartea izango dute erantzuteko. Haien argudioak entzundakoan, Txibitek ihardetsiko die, eta erreakziorako azken aukera izango dute taldeek. Ostiralean, berriz, taldeen ebazpenak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte, ondorengo hilabeteetako politikak hizpide hartuta.
Â