Duela bi urte eta erdi Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilari izendatu zutenetik, Oscar Txibitek 137 agerraldi egin ditu Belateko tunelei buruz. Gaur goizean egin du 138.a ikerketa batzordean. Hasi aurretik, azpimarratu nahi izan du Belateko tunelaren lizitazioa eta adjudikazioa «legezkoak» izan zirela. «Hala ondorioztatu zuen Kontuen Ganberako aholkularitza juridikoak azterketa zorrotza egin ondotik». Gaineratu duenez, prozesuan ez zen esku hartze politikorik egon.
Lau ordu inguruz egon da Txibite ikerketa batzordean, eta UPNko Javier Esparzak estu hartu du. Bere galderetan, UPNren kontakizuna txertatu du, eta amaieran haserretu egin zaio kontseilaria. «Gezurrez eta egia-erdiz beteriko kontakizuna egiten duzu, eta hutsuneak zuk betetzen dituzu, egiaztatu gabeko kontuak esanez». Esparzak, aldiz, «eskuak garbitzea» egotzi dio kontseilariari, eta amaieran esan dio: «Zure agintaldia mugarri bat izango da, kontratazio prozedurak bestelakoak izango dira zuk kargua utzi ondotik».
Oscar Txibitek 2023ko abuztuan hartu zuen kargua. Data garrantzitsua da; izan ere, ordurako Belateko tunela bikoizteko lanaren lizitazioa egina zegoen, eta kontratazio mahaia, osatuta. Kargua hartu ostean, adjudikazio prozesuan esku hartu al zuen galdetuta, irmo ukatu du: «Ez, inondik ere ez. Ez genuen mahai barruan zegoen tentsioaren berri». Handik hiruzpalau hilabetetara jakin zuen gertatutakoa, mahaiaren ebazpena eta boto partikularrak ezagutarazi zirenean.
Poloren defentsan
Kontratazio mahai barruan izandako gatazkan, figura inportantea da Jesus Polo kontratazio mahaiko burua. Eskuinak enpresen eskaintza teknikoaren bozketa manipulatu izana aurpegiratzen dio. Haatik, Txibitek Poloren zintzotasuna defenditu du. Txibiteren arabera, curriculum «oso ona» du, eta horregatik izendatu zuen Azpiegitura Berrien zuzendari aurreko kontseilari Bernardo Zirizak. Gogora ekarri duenez, 45 kontratazio mahaitan parte hartu zuen, eta horietatik hamahirutan Lorenzo Serena idazkari judizialarekin batera aritu zen. Bien arteko gatazka hamalaugarrenean sortu zen; Belateko prozesuan, hain justu.
Serenak hasieratik aurpegiratu zion Polori ingeniari eta tekniko guztien eskaintzak jaso, eta bera izan zela bozkatzen azkena. Salaketa horrek adjudikazio osoa hankaz gora jarri zuen, eta gerora prozesuaren gaineko susmoa piztu du. Tesi hori nagusitu zen, harik eta urriaren 14an Jesus Polok berak adierazi arte ez zela bozkatzen azkena izan.
Alta, gaur Javier Esparzak gogora ekarri du ezen udan, Espainiako Senatuan, Oscar Txibitek jada aurreratu zuela «beharbada» ez zela azkena izan. Hori «beste inon agertzen ez zenez», nola ote zekien galdetu dio, eta gero iradoki du ea ez ote den Poloren defentsa jada prestatzen ari. «Polok azaldu zidan hori. Oso kexu agertu da prozesu osoan inork ez diolako horri buruz galdetu, nahiz eta bere izen ona zikindu egin den», erantzun du Txibitek.
«Azkenean, zentzuz jokatu behar da. Zalantzak badituzu ezin duzu kontratu bat sinatu, sinetsita egon behar duzu sinatzen duzun hori hoberena dela»
OSCAR TXIBITE Lurralde Kohesioko kontseilaria
Kontratazio mahaiaren azken erabakian, bost ordezkariek Acciona, Oses eta Servinabar enpresa elkarteari esleitzea proposatzen zuen, baina hiru ordezkari juridikoek boto partikularra eman zuten. Gauzak horrela, azken hitza Pedro Lopez Herri Lanen zuzendariak zuen: erabakia sinatu edo zalantzak argitzeko eskatu.
Lopezek sinatu egin zuen, eta haren erabakia defenditu du Txibitek. «Gobernuko zerbitzu juridikoei eta kanpokoei kontsultatu genien. Azkenean, zentzuz jokatu behar da. Zalantzak badituzu ezin duzu kontratu bat sinatu, sinetsita egon behar duzu sinatzen duzun hori hoberena dela. Zalantzak argitu zirenean, kontratua sinatu egin genuen», arrazoitu du.
Beste auzi polemikoa obraren gainkostuak izan dira. Txibiteren arabera, Belaten hasierako aurreikuspen txarrenak betetzen ari dira: tunel barruko arroka oso biguna da, ur ugari dago, eta arbelarekin egin dute topo. Txibiteren arabera, segurtasuna lehenetsi behar da, eta horrek zulatzeko metodoak eta tunela sustengatzeko egiturak aldatzea eskatzen du.
Bihar auzi horretako protagonista nagusiak hartuko du hitza ikerketa batzordean: Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkari ohia joango da Nafarroako Parlamentura.
Fiskaltzari pasatuko diote informazioa
Urtarrilaren 20an eta otsailaren 9an Jose Antonio Entrecanales Acciona taldeko presidentea ez zen bertaratu ikerketa batzordean. Horren aurrean, ikerketa batzordeak ia aho batez erabaki du hori fiskaltzari jakinaraztea —Vox ezik gainerako taldeek alde bozkatu dute—-. Zigor Kodeko 502. artikuluaren arabera desobedientzia delitua izan daiteke ikerketa batzorde batera ez joatea. Irati Jimenez ikerketa batzordeko buruaren arabera, ez dagokio Accionari erabakitzea, «ikerketa batzordeari baizik». Fiskalaren esku egongo da hurrengo pausoak ematea.
Gainera, ikerketa batzordeak erabaki du otsailaren 17an UCOko bi guardia zibil bertaratuko direla. Komunikabideek bertatik bertara izan ahalko dute agerraldiaren berri, baina ezin izango dute irudirik hartu.