Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak adierazi du "behar adina babes eta segurtasun neurri" hartu dituztela G7koen aurkako kontragailurra normal egin dadin, eta, kontragailurraren harira, esan du espero duela istilurik ez egotea. Izan ere, kontragailurraren antolatzaileek baieztatu badute ere ez dela egongo "ekintza bortitzik", "segurtasun zerbitzu" propioa prestatu dute.
Beltran de Herediak argi du "jendetza" ekarriko duela G7 Ez eta Alternatives G7 herri plataformek antolatutako kontragailurrak, eta, hortaz, azpimarratu du, segurtasun ikuspuntutik "era guztietako egoerak kontuan" izan behar dituztela. Hilaren 21etik 26rako antolatu dituzte jarduerak Hendaia, Irun eta Miarritze inguruetan. Hala ere, abuztuaren 24an Hendaiatik Ficobara egingo duten manifestaldian jarri du arreta Segurtasun sailburuak: "Ertzaintzak neurriak hartuko ditu manifestazioa normal egiteko, baina baita manifestazioan parte hartzen ez dutenengan ez eragiteko ere". Arazo nagusia, nolanahi ere, trafikoarena izango dela dio.
Beltran de Herediaren hitzetan, Ertzaintza prest dago G7koen eta kontragailurraren ondorioz sor daitezkeen "gorabeherak" aurreikusteko eta arazoei heltzeko: "Edozein egoerari aurre egiteko prest egon behar dugu, eta gertakariak aurreikusi behar ditugu".
Irun eta Hendaia artean
Hilaren 21ean hasi eta 26an bukatuko dituzte Irungo Ficoban (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) antolatu dituzten jarduera eta mobilizazioak. Lau eremu nagusi egongo dira hilaren 21etik 23ra: Irungo Ficoban eta Hendaiako zineman, hitzaldi eta tailerrak; Hendaiako Jean Jaures eskolan, Gazte Gunea; Kanetako portuan, BBGkoen aste intergalaktikoa, eta, kanpalekuan, Jaka Horien herrixka.