Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak unibertsitatearen premiei aurre egiteko beharrezkoa den finantzaketa xehe azaltzen duen dokumentua aurkeztuko du gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean. Gaur goizean, Bengoetxeak berak eta bere taldeak txostenaren ildo nagusiak aurreratu dituzte prentsaurrekoan, eta, jakinarazi dutenez, 192 milioi euroko inbertsioa ezinbestekoa izango da unibertsitatearen «degradazioa» saihestu nahi bada. «Ezinbesteko inbertsioa da EHUk bere eginkizun akademiko, zientifiko eta soziala bete ahal izateko».
Errektoretza taldeak ondu du 500 orrialdeko txostena, komunitate akademikoarekin kontrastatuta, eta bertan xehatuta daude Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak EHUrentzat gorde duen finantzaketak «estali» nahi dituen lehentasunak. Bengoetxeak espero du txosten horrek balio izatea eztabaida «unibertsitate esparrura» bueltatzeko: «Eztabaida alderdikoia alboratu, eta inoiz atera behar ez zen lekura bueltatu behar da: unibertsitatera, alegia». Azken asteotan Juan Ignacio Perez Iglesias Unibertsitate sailburuarekin izandako liskar giroa apaltzen saiatu da Bengoetxea, eta esan du akordio bat egiteko borondate erabatekoa duela.
Premiak zazpi eremutan
Gaur arratsaldean egingo duen agerraldiari begira, EHUko errektoreak legebiltzarreko taldeei eskatu die unibertsitatearen premiak «zorrotz» aztertzeko, eta aurrekontu proiektuari egokitzat jotzen dituzten zuzenketak aurkezteko.
Bengoetxeak azaldu duenez, zazpi eremu handitan egituratuta daude unibertsitatearen premiak. Batetik, digitalizazioaren egoerari aurre egiteko 4,6 milioi euro behar direla dio. «Egungo sistema teknologikoak, Gaur plataforma barne, zaharkituta daude, eta horrek Europarekiko interoperabilitatea mugatzen du eta eguneroko kudeaketa zaildu». Errektoreak zehaztu duenez, berrikuntza teknologikoak eta zibersegurtasunaren hobekuntzak ezinbestekoak dira, eta estrategia digitalean, adimen artifizialean, datuen kudeaketan eta Agora Digital berrian espezializatutako egituretan premiazkoak dira inbertsioak.
Pertsonen zaintzari dagokionez, Bengoetxeak gogora ekarri du EHUk ordainsari «arrakalak» dituela gainerako sektore publikoekin alderatuta, eta «blokeoa» dagoela irakasle eta ikertzaileen promozioan. Halaber, premiazkotzat jo ditu euskara akademikoa bultzatzea eta Pertsonentzako Arreta Integraleko Zerbitzua sortzea. «Proiektu akademikoaren etorkizuna giza baliabide eta antolakuntzako defizit hori konpontzearen menpe dago», azpimarratu du. Errektoretza taldeak kalkulatu du ia 75 milioi euroko diru saila behar dela esparru horretarako.
Bestalde, errektoreak ohartarazi du azpiegituretako egoera «kezkagarria» dela. Azpimarratu du gaur egungo mantentze lanek ez dutela aukerarik ematen unibertsitateko eraikinak egoki zaintzeko, eta horiek hondatzen ari direla. «Egoera jasanezina da», ohartarazi du. Atal horretarako 42 milioi inguruko inbertsioa premiazkoa dela jaso dute txostenean.
Unibertsitatearen autonomia ere ahotan izan du Bengoetxeak, eta adierazi baliabiderik ezak «mugatu» egiten duela proiektu propioak planifikatzeko eta garatzeko ikastetxeek duten gaitasuna. Hala, 59,7 milioi euroko inbertsioa eskatu du autonomia bermatzeko, eta erakundearen «egonkortasuna» ziurtatzeko.