Ibone Bengoetxeak ia erabakita utzi du EAJren Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko lehia. Atzo Bizkaiko 47 batzokitan bozketak egin ondoren, nabarmen hartu dio aurrea Elixabete Etxanobe beste hautagai eta egungo ahaldun nagusiari. Bengoetxeak dagoeneko 69 uri batzarren babesa du, eta Etxanobek, berriz, hemeretzirena.
Bengoetxea hautagai gisa aukeratu izanak EAJren barruan lurrikara bat pitzarazi bazuen ere, alderdiaren Bizkaiko militanteak Bizkai Buru Batzarrak aukeraturiko hautagaiaren alde egiten ari dira. Asteazkenean 34-7 aurreratu zen, eta atzo are gehiago zabaldu zuen aldea (35-12). Bitxikeriarik ere izan zen; izan ere, uri batzar batean, Urduñakoan hain zuzen, berdinketa egon zen.
Botoak ez dira militanteka zenbatzen, batzokika baizik, eta uri batzarrean irabazten duen hautagaiak barruti horretako boto guztiak jasotzen ditu. Barne bozketaren lehen fasea igandean amaituko da, eta gero beste itzuli bat hasiko dute hautagaia berresteko. Emaitza hain argia izanda, ikusi beharko da Etxanobek bere burua aurkeztuko ote duen bigarren itzulirako.
Alderdiaren asanblada ofiziala azaroaren 11n izango da, eta orduan erabakiko dute nor izango diren hiru ahaldungai nagusiak. Dagoeneko jakina da Ramiro Gonzalez izango dela Arabako ahaldungai nagusia eta Eider Mendoza Gipuzkoakoa. Foru eta udal hauteskundeak maiatzaren 23rako daude deituta.