«28 urte daramatzagu gai honekin; orain arte ez diguzue jaramonik egin, eta politikatik haratago doa gure arazoa». Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetan (Donostia) bizi diren 510 familien ordezkariak. Joan den astean, Eusko Jaurlaritzak Blackstone inbertsio funtsarekin adostu zuen haien egungo kontratuak bi urtez luzatzea, baina 2028ko azaroan etxe horiek babes ofizialekoak izateari utziko diote, eta ikusteko dago orduan zer gertatuko den.
Hiru autobus bete, eta protesta egin dute gaur Gasteizen, legebiltzarraren parean. Alokairu Benta Berri bizilagunen elkarteko kideek etxebizitza batzordean kontatu dutenez, bi burofax bidali dizkie aurten etxebizitza horien jabe den Testa Homesek —Blackstoneren jabetzakoa da—, eta 37 kontratu iraungitzeren berri eman ere bai. Jaurlaritzaren bitartekaritzari esker, kontratuak bi urtez luzatzea lortu dute, baina salatu dute «duela 30 urteko arazo bera» dutela oraindik ere.
510 etxebizitza horiek 1998. urtean eraiki zituzten Metrovacesa eta Vallehermoso eraikuntza enpresek; 2016an, Testa Residencialekin bat egin zuten, higiezinetan inbertitzeko sozietate anonimo kotizatu batekin, eta, 2018an, Blackstone bilakatu zen enpresa horren inbertsiogile nagusia. 1.500 eta 2.000 lagun artean bizi dira etxebizitza horietan duela 28 urtetatik. «Espekulatzeko eskubidearen ondorioz suntsituko dute auzoa?», galdetu dute bizilagunen ordezkariek: «Kalera botatzen bagaituzte, zer? Non daude guretzako moduko 510 etxebizitza Donostian? Ez dugu espekulatu nahi: gure etxeak aurrerantzean ere babestuak egon daitezen bakarrik nahi dugu». «Zuen eskuetan dago konponbidea; gauza asko egin daitezke», esan diete batzordean bildutako talde politikoei.
Rosa Garcia Kaleratzeak Stop taldeko kideak adierazi du Donostian etxebizitza legea aplikatzeko eskatzen ari direla, «hiri supertentsionatua» denez gero. «Bentaberrikoa iragarritako heriotza bat zen, eta orain arte ez da ezer egin», gaitzetsi du: «Babes ofizialeko promozio batean funts espekulatzaile bat sartu da; orain zuen ardura da hari hegoak moztea».
Guztien babesa
PPko ordezkaririk ez da agertu batzordera, baina gainontzeko alderdi guztiek babesa erakutsi diete bizilagunei. PSE-EEko Adrian Fernandezek eskerrak eman dizkie bizilagunei Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak azken asteetan egindako lana balioesteagatik, eta kontatu du Blackstonerekin harremanetan daudela konponbide bat adosteko.
EAJko Maria Jose Etxegoienek esan du 90eko hamarkadako lege okerren ondorio dela egungo egoera —2003. urtetik, babes ofizialeko etxebizitzak betiko dira hala—, baina gehitu du horrek ez duela esan nahi erakunde publikoek esku hartu ezin dutenik. Familia horiei «egonkortasuna bermatzeko konponbideak bilatzen» ari direla baieztatu du, eta Jaurlaritzaren jokabidea goraipatu du hark ere.
EH Bilduko Itziar Muruak, berriz, azpimarratu du arazoa atzeratzea lortu duela Etxebizitza Sailak, baina ez konpontzea. Gogorarazi du 2015. urtean EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu ziola esku har zezala etxebizitza horiek eskualdatzen baziren, eta salatu ez duela halakorik egin; halaber, eskatu du argitzeko zer gertatu zen Blackstone etxe horien jabe egin zenean.