Ez da kontu berria bentonitaarena: 2024ko urrian hasi ziren Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Frantzia) lotzeko interkonexio elektrikoaren lanak, eta Boluntak izeneko Gatikako boluntario taldeak hainbatetan salatu du bentonita erabiltzen dutela eta Butroe errekara bota dutela. Interkonexio Elektrikorik Ez eta Butroi Bizirik plataformetako kideekin batera, salaketa jarri zuten orduan, ertzain etxean. Iragan asteburu honetan Jatabeko Udalak (Bizkaia) salatu du berriz ere agertu dela bentonita, eta «kalte handia» eragin dutela Urrestiko bidean.
Udalak SEMI eta Red Electrica enpresei eskatu die zorrotz dezatela lanen eta bentonitaren gaineko kontrola, eta lehengoratu dezatela kaltetutako bidea. Izan ere, Urrestiko bide hori GR ibilbidearen zati bat da, eta oinezko eta mendizale ugari ibiltzen da bertatik. Boluntak jarraipena egiten die Gatikako interkonexio elektrikoaren obrei, eta uztail amaieran egin zituen salaketak: bentonita bota zutela, eta akuifero bat kutsatu.
Maruri-Jatabe Bizirik taldeak ere salatu du egoera, eta betonita agerpenen berri bazutela aurpegiratu die enpresei. «Badute egoeraren berri, baina berdin-berdin baimentzen dute botatzea», erran du taldeak sare sozialetan.
Egoera, «kontrolpean»
Red Electricak ukatu egin du ezer gaizki egin izana, eta azaldu kable guztiek betetzen dutela «prebentzio, babes eta euste protokoloa». Eta, gainera, «substantzia ez-toxiko» izendatu du bentonita, eta gehitu ez dagoela «inongo» arriskurik. «Oso kontrolatuta daukagu ateratzen eta sartzen den substantzia kantitatea, eta inoiz erortzen gertatzen bada, berehala biltzen dugu, eta eremua garbitzen», erran du enpresak.
Eremu horretan hobekuntza lanak egitekoa zen Jatabeko Udala, eta joan den udan 30.000 euroko aurrekontua onartu zuen horretarako. Orain, baina, adierazi du gertatutakoak gertatuta ezin izanen diela garbitze lanei ekin eremua «lehengo egoerara» bueltatu arte.