Uribe Kostako hainbat batzokitako hormetan pintaketak agertu direla salatu du EAJren Bizkai Buru Batzarrak. Besteak beste, «Berangokoak aske», «amnistia» eta «maiatzak 30, manifestazioa» idatzi dituzte jeltzaleen Gorlizko, Lemoizko, Plentziako eta Sopelako egoitzetan (Bizkaia). Hain zuzen, egun horretan, manifestazio nazionala izango da Algortatik (Getxo) Berangoraino, elkartasuna adierazteko 2022an Ibai Aginaga euskal presoa kartzelatik atera ostean egindako ongietorriaren harira inputatutako hamasei lagunei. Ekainaren 8tik aurrera epaituko dituzte, Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Bizkaiko EAJk zera adierazi du gaur agertutako pintaketez eta horien pareko ekintzez: «Zalantzan jartzen dute gure herriak merezi dituen balio demokratikoetan eta errespetuan aurrera egin izana, sentsibilitate politiko desberdineko bizilagunen arteko bizikidetzari eta harremanen normalizazioari lagundu beharrean».
Epaiketa
Ekainaren 8tik 26ra bitartean, hamasei pertsona epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2022ko martxoaren 13an Berangon Ibai Aginaga euskal presoari ongietorria egiteagatik hura kartzelatik atera ostean. Terrorismoa goratzea leporatzen diete: guztira, 36 urte baino gehiagoko espetxe zigorra eta 171 urteko inhabilitazioa eskatu dute haien aurka, baita 75.900 euroren isunak ezartzea ere.