Berdintasunaren Defentsoria desagerrarazteko azken-aurreko urratsa egin dute

Emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrera ez baizik atzera egitea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Defentsoria desagerrarazteko azken-aurreko pausoa eman dute. Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeak hori egiteko irizpena onartu zuen atzo arratsaldean. Aldaketa hori egiteko, EAEko Berdintasun Legea etaEmakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Sorrarazteari Buruzko Legea aldatu, eta bi lege aldaketa horiek ahalbidetzeko testua onartu zuten.

EAJk eta PPk batzordean proposatutako zuzenketa guztiak atzera bota dituzte, nahiz eta zenbait bozketatan parekotasuna nagusi izan zen. EAJren zuzenketetan eta irizpena onartzeko bozketan berdinketa egon zen, eta batzordeko presidente Mikel Unzaluk bere botoaren balio handiagoa baliatu behar izan zuen aurrera ateratzeko.

Aldaketa onartuz gero Berdintasunerako Defentsoriaren ardura legez Emakunderena izango da. 2010eko martxotik arduratu da Emakunde defentsoriaren lana egiteaz, baina behin-behineko egoeran egiten zuen, legeak ez baitzion aitortzen ardura hori.

Berdintasunean, atzera

Aralarrek eta Ezker Batuak kritikatu egin zuten defentsoria desagerrarazteko erabakia. Defentsoriak zuen autonomia murriztuko dela gogorarazi zuten, Emakunde gobernuaren pean dagoen erakundea delako. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari kritikatu diote gizon eta emakumeen arteko berdintasun politiketan aurrera egin beharrean atzera egiten ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.