Azken urteetako ohiturari jarraituz, Aste Nagusia hasi baino ordu gutxi batzuk lehenago, manifestazioa egin du EH Bilduk Donostian. Ehunka lagun bildu dira "berdintasunean oinarritutako Euskal Errepublikaren" alde egiteko. Artzai Onaren katedraletik hasita, Gora goaz. Euskal Errepublikarantz lelopean egin dute martxa Zuloaga plazaraino. Ikurrinak eta EH Bilduren banderak eraman dituzte manifestariek, eta independentziaren eta euskal presoen etxeratzearen aldeko oihuak bota dituzte bidean.
Manifestazioaren aurrealdean izan dira, besteak beste, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Nerea Kortajarena parlamentaria eta Estitxu Elduaien, Juan Karlos Izagirre eta Jose Mari Karrere batzarkideak. Elduaienek hartu du hitza manifestazio amaieran, eta ziurtatu du "gero eta gehiago" direla "Euskal Errepublikaren alde" daudenak, "berdintasunean oinarritutako Euskal Herri libre, aske eta burujabe batean bizi nahi dugunok".
Batzarkideak nabarmendu du maiatzeko udal eta foru bozetan "inoizko emaitza onenak" lortu zituztela, eta Espainiako Gorteetan "erabakigarriak" izan direla, ERCrekin elkartuta. Espainiako Estatua "krisi sakonean" dagoela azaldu du Elduaienek, PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatutako trifatxitoak "mozorro guztiak kendu" dituela: "Baina guk Espainiako eskuin mutur hori gelditzeko gure esku dagoen guztia egingo genuela esan genuen, eta gelditu egin dugu. Hala egin dugu Nafarroan duela egun batzuk, eta hala egin genuen Espainiako Kongresuan ere, duela aste batzuk".