Bere azken torturatua zain utzi zuen Meliton Manzanasek

Egiari Zor fundazioak bultzatuta, Irungo osoko bilkurak mozio bat bozkatuko du bihar, Meliton Manzanas torturatzaileari, domina, ohore eta aitortza ofizial guztiak ken diezaizkieten. Manzanas Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuan aitorturik dago.

Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuan Meliton Manzanas aitorturik dago. IRUNGO UDALA
Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuan Meliton Manzanas aitorturik dago. IRUNGO UDALA
xabier martin
2026ko maiatzaren 28a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken egunera arte torturatu zuen Meliton Manzanasek. Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko burua 1968ko abuztuaren 2an hil zuen ETAk, Irunen (Gipuzkoa), eta ezin izan zuen bukatu goizetik hasia zuen tortura saioa: Jose Luis Segurola euskal militantaren aurkakoa. Segurolak 2023an Bidasoaldeko memorialistei emandako testigantza bat zabaldu du Antxeta Irratiak, gaur. Segurolak Meliton Manzanasen erretratu psikologiko beldurgarria egiten du bertan: «Esan zidaten hari ez begiratzeko begietara, okerragoa izango zela». Manzanasen azken torturatuak espezialista horren eskua probatu zuen bere gorputzean, baina erdizka bakarrik, hasita zuen tortura saioa bukatu gabe utzi baitzuen: «Hitz egingo duzu; gero etorriko naiz zu egurtzera berriro, eta hitz egingo duzu», agindu zion. Ez zuen bere hitza bete, ETAk galarazi baitzuen haren aurkako atentatu baten bidez. 15:15 aldera hil zuten tiroz Irungo bere etxean, Segurola haren zain zegoela ziegan, izu laborriak hartuta.

Jose Luis Segurolaren testigantza Antxeta Irratia

Bihar, Meliton Manzanasen izena ahoskatuko dute atzera Irunen. Udaleko talde politikoek mozio bat eztabaidatu eta bozkatuko dute, Egia Zor fundazioak bultzatuta. Idatzian eskatzen dute «Meliton Manzanasek gaur egun dituen domina, ohore eta aitortza ofizial guztiak baliogabetzeko eta kentzeko»; bereziki, aipatzen dituzte Poliziaren Merituaren Ordenaren Gurutze Handia eta Terrorismoaren Biktimen Aitortzarako Gurutze Handia. Irungo Udalari eskatzen diote eske hori egin dezala dagokion lekuan.

Ez da ausazkoa torturatzailearen aitortzaren aurkako mozioa Irunera eramateko hautua. Egia Zor fundazioak azpimarratu du Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuan, Manzanasen memoria jasoa dagoela; «aldiz, Josu Zabala Irungo bizilaguna ez dago. 1976ko irailaren 8an, Guardia Zibil batek hil zuen hura, eta ia 50 urte igaro diren arren, oraindik ez da modu duin batean oroitu hirian». Badago Manzanasen eta Zabalaren artean beste lotura bat: «Gogorarazi nahi dugu Meliton Manzanasek Josu Zabalaren aita torturatu zuela, eta pistola bat buruan jarrita mehatxatu zuela».

Memoria Demokratikoa bete

Manzanas Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko burua izan zen diktadura frankistan. Haren jarduna zen, txosten judizialek eta testigantzek modu zabalean dokumentatutakoaren arabera, «tortura sistematikoak, legez kanpoko atxiloketak eta eskubide urraketa larriak» egitea, Egiari Zor fundazioak gogoratu duenez, betiere jazartzeko askatasun demokratikoen aldekoei, sindikalistei eta, oro har, erregimenari aurre egin ziotenei.

20/2022 Memoria Demokratikoaren legeak ezartzen du botere publikoek sustatu behar dutela noblezia tituluak, dominak, ohoreak eta aitortzak kentzea diktadura frankistarekin lotura izan duten edota giza eskubideen urraketengatik erantzule izan direnei. Ohore horiei eusteak «legearen espiritua eta letra urratzea dakar», fundazio memorialistaren arabera, «baita estatu demokratiko baten printzipio etikoekin talka egitea ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA