Tratu txarrengatik, semearekin Eskoziatik ihesi etorri zen Astrid Lejuee otsailean, Euskal Herrira itzulita, Angelukoa baita sortzez (Lapurdi). Iritsi bezain laster, Bernard Franck Macera abokatuarekin bildu zen, eta familia aferez arduratzen den epaile batekin hitzordua finkatu zuten, azaroaren 6rako, Baionan. «Haurraren zaintza eredua eta ongizatea antolatzea» zen Lejueeren helburua. Baina haren senar ohiak ez du hitzordua igurikatu: «Ekain hondarrean Paueko prokuradoreari zuzenki dei egin zion galdegiteko sorlekuaren araberako herritartasun eskubidea aplikaraztea». Dei auzia asteazkenean iragan zen, eta Lejuee eta haren semea astea bukatu gabe Eskoziara itzultzera kondenatu zituen epaileak.
Kanporatzearen kontra protestatzeko, elkarretaratzea eginen dute gaur, 18:00etan, Baionako herriko etxearen aitzinean.
«Semea hartuko dizugu»
Ofizialki 2023ko urrian dibortziatu ziren Lejuee eta haren senar ohia, baina kontatu du 2024ko urrian baizik ez zitzaiola jakitera eman dibortzioak trenkatzen zituen zaintzarako baldintzak: ama eta haurra gizonaren ondoan egotera behartzen dituzte alde batetik, eta, bestetik, debekatzen diote Lejueeri bere familiako ospakizunetara semearekin hurbiltzea. «Gehiegizkoa zen», aitortu du, negarrez kasik: «Beste behin ama eskubideak urratuak izan zaizkit, eta norengandik? Finantza dibortzioez arduratzen den epai batengandik, eskubiderik ez duena haurraren ongizateaz erabakitzeko. Ezin nuen onartu: pentsatu nuen ez nuela gehiago aukerarik herri horretan [Eskozian]».
Orduan Euskal Herrira itzuli zen semearekin, aurtengo otsailean. «Espero izan dut Frantziako justiziak pixka bat gehiago babestuko ninduela». Ez da hala izan. Auzi horretan, inportarik ez du senar ohiak Lejueeri jasanarazi dion indarkeriak. Paueko dei auzitegiak erabaki duenaz, bai semeak eta baita Lejueek ere Eskoziara itzuli behar dute iganderako, senar ohiaren ondora. Jokoan dagoena ez baitira indarkeriak, «haur baten legez kontrako lekualdatzea» baizik.
Hots, bi aukera utzi dizkiote Lejueeri: «Edo Eskoziara itzuli behar dugu lehengo ber baldintzetan, ene senar ohiaren ondora, etxegabe estatutuarekin beti, edo ene haurra Eskozian abandonatu behar dut, haren zaintzarako akordiorik gabe eta harekin kontaktuan berriz sartu ahal izan gabe bere 16 urteak aitzin». Argi du: Kasazio Auzitegira joko du, baina gisa horretako prozedurak biziki luzeak dira, eta ez dute dei auzitegiaren erabakia bertan behar ezartzen; prokuradoreak baizik ez lezake kanporaketa agindua berrikusi. BERRIA harekin harremanetan jartzen entseatu da, baina erantzunik ez du eman oraingoz.
Lejueek erabakia du ez dela Eskoziara itzuliko. Negarrari ezin eutsiz, esplikatu du zer-nolako mehatxuak egin dizkion Paueko prokuradoreak: «Dena den, semea ez baduzue itzultzen, indarrarekin erantzunen dugu: zure amaren etxeko atea hautsi eta semea hartuko dizugu, eta harrera zentro batean ezarriko Eskoziara kanporatu arte».
Auzitik auzira
«Ene senarra 2021eko abenduan utzi nuen, Eskoziako Poliziaren, gizarte zerbitzuen eta tokiko herriko etxearen laguntzaz, bikotekide ohiaren indarkeriagatik segitzen baininduten aitzinetik ere», azaldu du Lejueek, boza dardarka. Bereizketatik landa, beraz, urgentziazko aterpetxeetan sartu zuten semearekin, gehiago ez baitzuten non egon. Eskoziako legediaren arabera, senar ohiak bere etxea uzten ahalko zien denbora batez, hark familia bazuelako hurbil, baina «nahiago izan zuen etxegabe egon» zitezen, Lejueek ondorioztatu duenaz; semearen haurtzaindegia herriko etxeak ordaintzen zien, etxegabe estatutua zutelako.
Bereizi eta bi urtera izenpetu zituzten, azkenean, dibortzioaren paperak, 2023ko urrian. Zenbait hilabete lehenago, bien artean adostua zuten Euskal Herrira mugituko zirela ama-semeak: eskola bat hautatua zuten Baionan, «izena emana, andereñoa finkatua eta zakua erosia»; akordioaren truk, aitak semea ohi baino gehiago ikusiko zuen abiatzea aitzin.
Aldiro hobekuntza baterako esperantza ukan, eta aldiro atsekabe gertatu. Hitza jan zuen aitak, eta dibortzioaren paperak sinatzeko tenorea heldu zenerako, akordioa errazki hautsi zuen, ez baitzen epaileen aitzinean izenpetutakoa, onez onekoa baizik. «Ordu arte baino prekaritate iraunkorrago eta handiagoan sartu gintuen», aitortu du Lejueek, akordioa gabe nekez sartuko zirelako Euskal Herrira. 2023ko urria zen, eta beste urte eta erdi pasa zen joan den otsailean ihes egitea deliberatu zuen arte.
Karrikako giroa, bistan dena, beldurgarria zen. Lejueek kontatu du gizon batek labana batekin eraso ere egin ziela behin, eta urte bat preso egon dela horrengatik; droga trafikoaren inguruko giroa ere deskribatu du. Urteak aitzina, ezin zuen gehiago jasan bere semea halako baldintzetan bizitzea, eta orduan Euskal Herrira itzuli ziren, Lejueeren amaren etxera, hain zuzen.