Hamabi orduko lanaldiak, gauez, ostegunetik igandera, eta bakarrik egonda txanda osoan. «Etxebizitzetako batean hamabost adineko zeuden, eta haietako hamabi ezin ziren ohetik altxatu. Berez langile soziosanitarioa naiz, baina nik egin behar nuen den-dena: erabiltzaileei botikak eman, fardelak aldatu, zaindu, goizean dutxatu... eta gainera, etxe osoa garbitu, kozinatu, arropa lisatu, gosarirako mahaiak prestatu...». Horixe izan da Martaren —izen asmatua da— egitekoa hainbat urtez. Eta denbora askoan, hilean 400 euro baino ez zituen jasotzen: «Nire kontratuan zioen oso ordu gutxi egiten nituela lan».
Emakume migratua eta arrazializatua da Marta, lerro hauetan mintzatuko diren gainerako beharginak bezala. LABek salatu duen sareko etxebizitza komunitarioetako bitan aritu zen, 2014tik duela gutxira arte; hain zuzen, bera izan da sindikatuaren babespean auzitara jo duen langileetako bat, eta enpresaburuak zor dizkion ordainsarien inguruko akordio bat lortu du. Estresak jota eta depresioagatik gaixo baimena hartu ondoren erabaki zuen lana uztea eta haren egoeraren berri ematea.
«Garai batean, ni gaixoaldian egon nintzen, eta nire bikotekideak ordezkatu ninduen, baina hari ez zion inoiz pagatu»
MARTA Etxebizitza komunitarioetako langile ohia
Baina ordura arte, denetarik ikusi zuen etxeotan. Tartean, legez kanpoko jardunak. «Garai batean, zenbait hilabetez, ni gaixoaldian egon nintzen, eta nire bikotekideak ordezkatu ninduen, baina hari ez zion inoiz pagatu. Ni gauero joaten nintzen etxebizitzara, adinekoen botikak zaintzera, nire bikotekideari beldurra ematen ziolako erratzea; nagusiak jakin zuenean, mehatxu egin zidan salatu egingo ninduela».
Erabiltzaileei ematen zaien arreta ere desegoki jo du: «Familiek 2.800 euro inguru ordaintzen dituzte hilabetean, eta zerbitzu batzuk aparte pagatzen dituzte, puztuta; ile apaintzaileari, adibidez, 30 euro pagatzen dio enpresaburuak zerbitzu bakoitzagatik, baina familiei 55 euro eskatzen dizkie». Oroitu du pandemia garaian ez zela neurririk hartu adinekoak bakartzeko: «Etxeetako batean lau erabiltzaile hil ziren».
«Gauetan ezin nuen lorik egin, adinekoengan pentsatzen, zer miseria ematen genien jateko... Haiek ere ohartzen ziren: ‘Zer uste duzue, animaliak garela?’, esaten ziguten»
GINA ISABEL Etxebizitza komunitarioetako langile ohia
Tratu horregatik utzi zuen lana Gina Isabelek: «Gauetan ezin nuen lorik egin, adinekoengan pentsatzen, zer miseria ematen genien jateko, dena izoztua, txarra, zegoen merkeena, dirua aurrezteko... Haiek ere ohartzen ziren: ‘Zer uste duzue, animaliak garela?’, esaten ziguten. Erabiltzaile askok osasun arazoak zituzten, baina ez ziren kontuan hartzen janaria prestatzean». Janaria, komuneko papera eta halako oinarrizko gauzak maiz amaitzen zirela azaldu du: «Guk joan behar izaten genuen erostera, eta gero ez zigun ordaintzen».
Urte eta erdiz aritu zen etxeetako batean, min hartu zuen arte: «Adinekoak mugitzeko garabiak ez daude ondo, beraz, guk mugitu behar izaten genituen. Aldakako eta belauneko minez hasi nintzen. Mutualitatean esan zidaten bazutela enpresaburuaren berri, haren aurkako salaketa asko zeudela».
«Emakume horrek ez du bihotzik. Erabiltzaile bat hiltzen denean ere berari ez deitzeko esaten digu, guk arduratu behar dugula den-denaz»
SOFIA Etxebizitza komunitarioetako langilea
Sofia —izen asmatua da hori ere—, berriz, amaren bidez hasi zen enpresaburuaren etxebizitza komunitarioetako batean lanean: «Paperak izan arren, kontraturik gabe zeukan, 30 euro ordaintzen zion eguneko; ni laguntzera joaten nintzaion, eta geratu egin nintzen». Kontratua egin zion berari, baina datu faltsuekin: «Ez zizkidan jarri lan egindako ordu guztiak. Astelehenetik ostiralera, gauez aritzen nintzen, 22:00etatik 10:00etara; eta asteburuetan, goiz batez, 08:00etatik 15:00etara». Gaixo baimenarekin dago egun, eta auzitara jo du berak ere; ebazpenaren zain dago.
Nagusiak «itsusi» tratatzen zituela nabarmendu du. Batetik, ez dizkie eskubideak onartzen, eta ez zaie errespetuz mintzatzen: «Gaixo baimena hartu nuen, eta builaka deitu zidan: esan zidan ezin nuela baimena hartu, eta ebakuntza egunez aldatzeko». Eta, bestetik, adinekoen ongizateaz ere ez da arduratzen: «Emakume horrek ez du bihotzik. Ez da inoiz igotzen etxebizitzetara, berdin zaio. Erabiltzaile bat hiltzen denean ere berari ez deitzeko esaten digu, guk arduratu behar dugula den-denaz. Guk egin behar dugu den-dena».