Bilboko hainbat etxebizitza komunitariotan zaintzaileak esplotatzen dituen sare baten berri eman du LAB sindikatuak gaur. Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, zenbait langile elkarri kateatu dira, enpresaburu baten jarduna salatzeko, haren hamabost zentroetan «lan esplotazio matxista eta arrazista» atzeman baitute: langileak kontraturik gabe ditu, edo kontratuan gezurrezko lan baldintzak jasotzen ditu, beharginak kotizazioa ordaintzera behartzen ditu, atseden egunak eta oporrak ukatzen dizkie, aparteko orduak ez dizkie pagatzen, trabak jartzen dizkie gaixo bimenak hartzeko...
«Diru asko irabazi du langileak esplotatzen, emakume migratu edota arrazializatu askoren babesgabetasuna aprobetxatuz, eta bereziki egoera administratibo irregularrean daudenena», azaldu du Txefi Roco LABeko arrazakeriaren aurkako idazkaritzako arduradunak.
Adinekoak zaintzeko azpiegituretako bat dira etxebizitza komunitarioak: zahar etxeak baino txikiagoak dira, 10-15 pertsonarentzako tokia dute gehienez. Berez, autonomoak diren adinekoentzat pentsatuta daude, hau da, oinarrizko bizimodurako laguntzarik behar ez dutenentzat, eta horregatik izan dituzte zahar etxeek baino langile gutxiago —txanda askotan, bakarra—.
Praktikan, ordea, mendekotasun handiko pertsonak bizi ohi dira etxe horietan, eta legez onartutako ratioak ez dira nahikoak zaintza premia guztiei erantzuteko. Horri gehitu behar zaio ia arautu gabeko eremu bat dela: langileei zahar etxeetako lan hitzarmena aplikatzen zaie, baina Eusko Jaurlaritzak 2019an egoitzen inguruan onartutako dekretua ez dute bete behar etxebizitza komunitarioek, eta 1998ko dekretua dute indarrean.
LABek salatu duenez, hutsune horiez baliatu da emakumezko enpresaburu bat etxebizitza komunitarioen sare bat sortzeko eta langileak esplotatuz sarea martxan jartzeko. Enpresaburua, berez, funtzionarioa da: Osakidetzan erizain dihardu. Halere, bederatzi etxebizitza komunitario eta sei zahar etxe dauzka Bizkaian, gehienak Bilbon. «Pandemiatik hona, haren jabetzak esponentzialki handitu dira: azken bost urteetan zortzi etxebizitza komunitario erosi ditu. Azken urtean bi milioi euroko irabazi garbiak izan ditu», esan du Rocok.
Hainbat testigantza, nagusi bera
2024ko abenduan hasi ziren langileak LAB sindikatura jotzen, haien lan baldintzen inguruan galdezka: lantoki diferenteetan aritzen ziren, baina, denborak aurrera egin ahala, ohartu ziren denek egiten zutela lan enpresaburu berarentzat. Iazko abuztuan, baina, kasu batek alarma guztiak piztu zituen: «Emakumezko langile migratu eta arrazializatu bat 2022tik zebilen enpresaburu honentzat lanean, kontratu gabe, eta justu hilabete batzuk lehenago lortua zuen kontratua, baina gizarte segurantzako kuota berak ordaintzearen truke. Langile hori haurdun zegoen, zortzi hilabeteko, eta nagusiak baja hartzeko eskubidea ukatu zion, baita beste oinarrizko eskubide batzuk ere».
Rocok esplikatu duenez, hiru kontratazio molde erabiltzen zituen enpresaburuak: «Langile batzuk ondo daude, lan hitzarmenaren araberako kontratuarekin, nahiz eta guk uste dugun itun horrek asko duela hobetzeko. Beste batzuk kontratupean ditu, baina kontratuek ez dituzte islatzen benetako lanorduak eta egiazko baldintzak. Eta beste batzuk kontratu gabe ditu, batez ere administrazio egoera irregularrean daudenak; gauez eta asteburuetan aritzen dira, etxe batetik bestera...». Lan eskubiderik gabe aritzeaz gain, lan zama handiei aurre egin behar izan diete langileek: «Txanda batzuetan langile bakarra egoten da funtzio guztietarako, eta horrek istripuak eragiten ditu, gainezka egitea... Langile askok gaixo baimena hartu dute».
«Diru asko irabazi du langileak esplotatzen, emakume migratu edota arrazializatu askoren babesgabetasuna aprobetxatuz, eta bereziki egoera administratibo irregularrean daudenena»
TXEFI ROCO LABeko arrazakeriaren aurkako idazkaritzako arduraduna
Beharginei ematen dien tratua ere ez da ona. Agerraldian, langileen eta nagusiaren artean izandako egiazko solasaldiak antzeztu dituzte, eta agerian geratu da enpresaburuak tratu hotza eman diela, enpatia faltaz jokatu duela eta ongi jakinaren gainean urratu dizkiela eskubideak, hala nola gizarte segurantzaren kuotari zegokion dirua gutun azal batean itzularazita. «Elkarrekin hitz egitea debekatzen die, eta langileen arteko liskarrak bultzatzen ditu. Mehatxuak eta xantaiak jasan dituzte». Alde horretatik, Rocok gogora ekarri du langile migratuentzat oso zaila dela halako egoerak salatzea, baina etxebizitza komunitarioetan baldintza horietan dirautenei mintzatu zaie, LABen ateak irekitzeko: «Hurbildu sindikatura, saiatuko gara laguntzen».
Hamar lan demanda
Izan ere, orain arte, hamar lan demanda aurkeztu dituzte sindikatuaren babespean, eta gehienetan baldintzak hobetzea lortu dute: bai Gizarte Segurantzan izena ematea, bai kontratuak egitea, bai atsedenak errespetatzea, bai soldatak eguneratzea. Demanden dimentsioen erakusgarri, adibide bat jarri du Rocok: «Langile batzuek 20.000 euro eskatu dizkiote auzitegietan, diru hori zor zielako. Eta enpresaburua pagatzen ari da».
Era berean, Lan Ikuskaritzan ere salaketa aurkeztu zuen sindikatuak, eta, ondorioz, abenduan ikuskapenak egin zituzten hainbat etxebizitzatan. Ikuskapen horien inguruan galdera egin du BERRIAk Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailean, eta honako hau erantzun du: «Lan Ikuskaritzak ikertu eta argituko ditu egon zitezkeen arau hausteak eta haiei dagozkien erantzukizunak».
Zaintzaren pribatizazioaren ondorio
Edonola ere, LABek salatu du Bilbon atzeman duten esplotazio sarea ez dela «gertaera bakana», eta «zaintza eredu pribatizatu eta merkantilizatuaren adierazpen gordinena» dela, Maider Viso Bizkaiko zahar etxeetako arduradunak adierazi duenez: «Sektore honetan gehiengoa dira emakumezko langileak —eta bereziki arrazializatuak eta migratuak—, eta eredu hori emakume horien prekarizazioan oinarritzen da. Pribatizazio politiken bidez, erakunde publikoek hirugarren mailako langile bihurtu dituzte emakume horiek: enpresei irabaziak pilatzen uzten dizkie langileen oinarrizko eskubideak zapalduz». Sindikatuak berretsi du zaintza «esparru publikotik bermatu» behar dela, eta beraz, «erakunde publikoen zuzeneko kudeaketa» izan behar dela oinarrian.
«Langileen baldintzen eta erabiltzaileek jasotzen duten arretaren arduraduna da aldundia. Etxebizitza horien jarraipena eta kontrola bermatu behar du, eta enpresaburu honi zigorrak ezarri»
MAIDER VISO LABeko Bizkaiko zahar etxeen arduraduna
Izan ere, enpresa pribatu batek kudeatzen ditu etxebizitza komunitarioak, baina Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena jaso behar du. Beraz, diputazioari galdegin dio bere gain har dezan dagokion erantzukizuna: «Langileen baldintzen eta erabiltzaileek jasotzen duten arretaren arduraduna da aldundia. Etxebizitza horien gaineko jarraipena eta kontrola bermatu behar du, eta enpresaburu honi eta beste askori beharrezko zigorrak ezarri behar dizkio».
Eusko Jaurlaritzaren jarduna ere kritikatu du. Gogoratu du etxebizitza komunitarioak 1998ko dekretu batek arautzen dituela: «Ahula eta zaharkitua da, hutsune asko ditu, zigorgabetasunari bide ematen dio, eta halako egoerei atea irekitzen die». Lan baimenen erregulazioan ere «utzikeriaz eta interes faltaz» jardutea egotzi dio Jaurlaritzari.
Ildo horretan, Rocok erantsi du martxoaren 17ko greba orokorrerako deialdia indartzen duela kasu honek: «Ez da kasualitatea zaintzako langileak ez iristea gutxieneko soldatara. Horregatik, greba orokor hau kide horiena guztiena ere izango da».