«Bermeoko Jose Done ikastetxeko biktima garenon erreparazio prozesuak iraun duen hiru urte eta zortzi hilabeteotan, gure esker onik zintzoena adierazi nahi diegu alboan izan ditugun guztiei. Sostengua eman eta entzun diguten guztiei, eskerrik asko, berriro ere, hor egotearren. Gorabehera askoko prozesua izan da, baina egia argitara irten da azkenean». Ohar xume horren bidez, Bermeoko Jose Done eskola erlijiosoan (Bizkaia) sexu abusuak pairatu zituztenek bukatutzat eman dute erreparazio prozesua. EITBk jakinarazi duenez, biktimei barkamena eskatzeaz gain, kalte ordaina ere eman diete, eta, behar izanez gero, baita tratamendu psikologikorako finantzaketa ere.
EITBk berak azaleratu zuen auzia, 2022an, bi emakumezkoren testigantza jasota. Horren arabera, 1976tik 1981era sexu abusuak pairatu zituzten Jose Done ikastetxeko zenbait ikaslek. Menesiarrek kudeatzen zuten eskola hori, eta sexu abusuak egiteaz akusatutakoa eskolako zuzendaria izan zen garai hartan. Biktimak 8 eta 10 urte arteko haurrak ziren, abusuak sufritu zituztenean. Hamasei biktima dira, guztira.
Erlazionatuta
Gertatutakoaren berri izan zutenean, senitartekoek ikastetxeko zuzendariarekin hitz egin zuten, eta herritik alde egiteko exijitu zioten; bestela, haren kontrako salaketa jarriko zuten. Akusatuak oraindik bi urte egin zituen Bermeoko eskola horretako zuzendaritzan, baina, gero, herritik joan zen, Bilboko Berrio-Otxoa ikastetxera. Han ere, sexu abusu kasu gehiago azaleratu ziren. Orain, ia lau urte prozesuaren ostean, sexu gehiegikeriak pairatu zituztenek bukatutzat jo dute bidea.
Nafarroako biktimak, uztailetik
Bermeokoak ez dira ordaina jaso duten bakarrak. Nafarroan ere, zenbait biktimak erreparazio prozesua burutu dute jada. Uztailean eman zuten horren berri: iragarri zutenez, salestarren ordenak kalte ordainak eman zizkien Iruñeko bi biktimari; eta jesuitek, berriz, akordioa lortu zuten 1970eko hamarkadan Tuterako San Francisco Javier ikastetxean abusuak pairatutako beste bati. Biktimen elkarteek adierazi dutenez, prozesua zeharo bizkortu da Florencio Rosello Iruñeko eta Tuterako gotzain izendatu zutenetik. Hala ere, salatu dute zenbait kasu —Lizarrako El Puy eskolako abusuena, adibidez—, ez aurrera ez atzera daudela oraindik.
Hain zuzen, horiei guztiei ordaina emateko «konpromisoa» agertu du Espainiako Gobernuak beste behin ere. Atzo, biktimen elkarteekin batzartu zen Felix Bolaños Presidentetza ministroa, eta esan zien «aurki» osatuko dutela batzorde berezi bat, «biktimen beharrei erantzuteko eta adingabeek pairatutako kalteak erreparatzeko». Bilera amaituta, Infancia Robada elkarteko bozeramaile eta Gaztelueta auziko biktima baten aita den Juan Cuatrecasasek adierazi zuen biktimak «nekatuta» daudela zain egoteaz: «Ontzat jotzen dugu batzordea eratu nahi izatea, baina urteak daramatzagu sufrimendu hau erreparatzeko zain. Erantzun bat behar dugu orain».