Haurrak eta nerabeak dutxa mistoak izatera «behartu» izana, horiek ez zaintzea, begiraleak ere dutxetan sartzea eta hamabortz egunez familietatik «inkomunikatuta» eduki izana. Horiek dira, bertzeak bertze, Bernedon (Araba) egiten diren Euskal Udalekuei buruz asteon zabaldutakoak. Hezitzaileek hitza hartzea erabaki dute, ohar bidez, «ardura» sentitzen dutelako eta jakitun direlako familietan ezinegona sor dezakeela. Ukatu egin dute inor bertzeen aurrean biluztera behartu izana: «Akonpainamendua eta alternatiba pertsonalizatuak eskaintzen ditugu kasu bakoitzean. Hori guztia, gainera, udalekuen aurretik hezitzaileen artean eta udalekuetan zehar haurrekin eta gazteekin egiten den lanketa sakon baten emaitza da». Halaber, zenbait gurasok salatu dute begiraleak ere biluzik sartzen zirela dutxetan; bada, oharrean esplikatu dute begiraleak dutxetan gazteak «zaintzeko» daudela: «Eremu seguruak sortzeko bermeak jartzen ahalegintzen gara, dutxak ere, ekintza oro bezala, gainbegiratuz eta zainduz».
El Correo hedabidean eta hainbat webgunetan hedatu da albistea azken egunotan. Begiraleek salatu dute zabaldutakoa «errealitatetik oso urrun dagoen kontakizun batetik» abiatu dela, eta udalekuetako jarduna «mezu transfoboak» zabaltzeko erabili dela. Eskerrak eman dizkiete proiektuarekin bat egin dutenei, baita erasoen harira babesa adierazi dieten guztiei ere: «Euskaratik, feminismotik eta auzolanetik abiatuta, haur eta gazteen gozamena eta heziketa ditugu helburu, eta beharrezkoa iruditzen zaigu horrelako hezkuntza ereduak bermatzea. Komunitate osoaren konpromisoa ezinbestekoa da horretarako. Guk lanean jarraituko dugu».
Udalekuetan egon ziren adingabe batzuen gurasoek eman dute testigantza. Haietako baten arabera, «inork» ez zien deus ere erran dutxa mistoei buruz: «Nesketako batzuk traumatizatu egin dituzte. Bakarren batek arreta psikologikoa jaso behar izan du, eta beste batzuek ez dute besterik jakin nahi udalekuen inguruan». Kontrara mintzatu dira hezitzaileak, eta nabarmendu dutxa mistoena ez dela «haurrengandik eta gazteengandik bereizita dagoen proposamen bat»: «Egoera berariaz azaltzen zaie, eta horri buruz hausnartzeko baliabideak eskaintzen zaizkie. Gure helburu nagusia eremu hezitzaile eta seguru bat sortzea den heinean, haien zalantzak eta kezkak entzuteko eta lantzeko denbora hartzen dugu».
«Genero arauen kontra egin nahi genuen, eta biluztasuna normalizatu»
Dutxak mistoak izateko erabakia nola hartu zen kontatu dio BERRIAri Euskal Udalekuetan izandako pertsona batek —ez du izenik eman nahi izan —. 14 urte zituenean joan zen lehen aldiz, 2015ean, eta 2017an bigarrenez, 16 urterekin. Ez du zehazki gogoratzen bi aldi haietako zeinetan izan zen, baina badaki urte haietako batean hasi zirela dutxa mistoak antolatzen, eta, zehaztu duenez, gazteen ekimenez egin zen aldaketa. «Genero arauen kontra egin nahi genuen, eta biluztasuna normalizatu», gogoratu du.
Udalekuko lagun batzuen artean gaia aipatu, eta dutxak misto bilakatzeko proposamena egin zieten begiraleei. Ez zuten berehalako baiezkorik jaso. Udalekuko gainerako lagunen iritzia ere kontuan hartu behar luketela iradoki zieten orduan, eta sinadura bilketa bat antolatzea proposatu zieten gazteei. Gehiengo handi baten babesa jaso zuten, eta aurrera egin zuen proposamenak. Edonola ere, dutxa mistoetan eroso ez zeudenek aukera izan zuten ordura arte bezala jarraitzeko. Tartekatu egiten zituzten dutxarako txanda mistoak eta txanda ez-mistoak. «Oso bizipen positiboa izan zen», laburbildu du. «Nerabeak ginen, eta hasieran bitxia egin zitzaigun egoera guri ere, baina erabaki horri esker biluztasuna erosoago bizitzen hasi ginen, eta ez zen arazorik egon».
Halaber, salatu dute dutxa mistoen harira gorroto mezuak zabaldu direla, eta bide publiko zein pribatuetatik eraso transfoboak jasan behar izan dituztela. Hori ikusirik, ezinbertzekotzat jo dute udalekuetako oinarri ideologikoak argitzea eta beren egiteko moduen zergatiak esplikatzea. Azaldu dute Euskal Udalekuetako hezkuntza proiektuak, orokorrean, balio transfeministak dituela oinarri, eta «identitate eta gorputz guztientzako gune seguruak sortzea» duela helburu. Esplikatu dutenez, pertsona bakoitzaren berezitasunak onartzeko egiten dute lan, genero estereotipoak hautsi eta «ezberdintasunak sor dezakeen deserosotasuna heziketarako aukera gisa ikusiz». Ildo horretatik, ekintza oro baliatzen dute «elkarbizitza, autonomia eta elkarrekiko zaintza» lantzeko, baita dutxak ere: «Higienerako leku soil izateaz harago, gorputz guztiak normalizatzeko, estigmak apurtzeko eta lotsatik eta sexualizaziotik askatzeko aukera bat dira».
«Leku seguruak»
Hezitzaileen arabera, dutxak eta komunak «pertsonak logika binario batetik eta generoaren arabera banatzeko tresna» dira, eta horrek hainbat ondorio ditu: hainbat gorputz eta identitate baztertzea, eta, gainera, deserosotasun eta diskriminazio egoerak eragitea. «Eremu mistoekin haur eta gazte guztientzako leku seguruak bermatzea da gure egitekoa. Proposamen hau politikoa eta, beraz, etikoa da: inposatutako binarismoa zalantzan jartzen du, gorputzen normalizazioa bultzatzen du, eta ingurune bizigarriagoak eraikitzen lagundu nahi du». Nabarmendu dute, gainera, hori guztia «berariaz» azaltzen zaiela haurrei eta gazteei, eta horri buruz hausnartzeko baliabideak ematen zaizkiela.
Adierazi dute, gainera, biluztasuna sexualitatearekin lotzen dela oraindik, eta, hortaz, ezinbertzekotzat jo dute «biluztasunaren eta generoen arteko harremanaren desexualizazioa» lantzea, hainbat biolentzia motatatik babesteko: «Sinesten dugu dutxa mistoak sexualizazio hori deseraikitzeko leku izan daitezkeela».
«Eremu mistoekin haur eta gazte guztientzako leku seguruak bermatzea da gure egitekoa. Proposamen hau politikoa eta, beraz, etikoa da: inposatutako binarismoa zalantzan jartzen du, gorputzen normalizazioa bultzatzen du, eta ingurune bizigarriagoak eraikitzen lagundu nahi du»
BERNEDOKO EUSKAL UDALEKUETAKO HEZITZAILEAK
Onartu dute kontziente direla biluztasunak haur eta gazteengan deserosotasuna sortzen ahal duela, eta hori aintzat hartuta jarduten dutela: «Ez dugu inor behartzen besteen aurrean biluztera, eta akonpainamendua eta alternatiba pertsonalizatuak eskaintzen ditugu kasu bakoitzean. Hori guztia, gainera, udalekuen aurretik hezitzaileen artean eta udalekuetan zehar haur eta gazteekin egiten den lanketa sakon baten emaitza da». Gehitu dute generoarekin lotutako gaiak lantzen direla udalekuan, eta hezitzaileak ahalegintzen direla «erreferente eta babesgune» izaten. «Hamabost egunean egoera errotik aldatzea ezinezkoa dela badakigun arren, ahalegina egitea merezi duela uste dugu, urtez urte emaitza oso positiboak ikusi ditugulako».
Autogestioa oinarri
El Correo hedabidean guraso batzuen testigantza ez ezik, hiru gaztek idatzitako gutunak ere argitaratu dituzte. Horietan, bertzeak bertze, familiekin ezin direla mintzatu aipatzen dute. Bada, begiraleek adierazi dute aldez aurretik jakinarazten dela udalekuetan ez dela deirik eginen, eta ez eramateko sakelako telefonorik. «Edonola ere, beharrezkoa denean berehala jartzen gara harremanetan familiekin, eta haur eta gazteei ere eskaintzen diegu horretarako aukera hala behar denean. Alegia, gure lana arduraz eta profesionaltasunez egiten saiatzen gara, haur eta gazteen beharrak erdigunean jarriz», zehaztu dute.
Hedabide horrek berak zabaldu duenez, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adierazi dute ez dutela diru laguntzarik jartzen Euskal Udalekuetarako. Ordea, salaketa egin duten familiek uste dute, betiere El Correo-ren arabera, udalekuek laguntzak jasotzen zituztela. Bernedoko begiraleek hori ere gezurtatu dute: «Gurea feminismoa, euskara eta auzolana oinarri dituen proiektu autogestionatua da. Euskal Herriko haur eta gazteei balio horietan oinarritutako udalekuak eskaintzen dizkiegu, ahalik eta preziorik eskuragarrienean, ehunka hezitzaileren urte osoko borondatezko lanari esker».
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ere adierazpenak egin zituen atzo. Adierazi zuen Ertzaintzak baduela Bernedon «gertatutako gertakari batzuen berri», eta horiek ikertzen ari direla. Halere, ez zuen xehetasun gehiago eman, adingabeak daudelako tartean. Gaur, berriz, adierazi du norbaitek uste badu «arau hausteren bat egon dela, edo eskubideren bat urratu dela» jar dezala salaketa bat.