oihana arana

Euskal Udalekuak

2025eko irailaren 26a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udalekuetan ikasi nuen entsaladako tomatea jaten, komunak garbitzen, lurra errazten, jendaurrean lotsarik gabe dutxatzen, emakumetasunaren eta gizontasunaren arteko mugen arbitrariotasuna identifikatzen... Orain, badirudi datozen belaunaldiei gauza horiek erakutsi nahi dizkietenen kontra altxatu direla batzuk. Transfobiaz betetako difamazio ustez feministak han eta hemen zabalduz, gezurrari gezurra josiz... inolako mugarik gabe.

Euskal Udalekuez ari naiz. Bernedoko hezitzaileak jasaten ari diren lintxamendu publikoaz.

Udalekuez ari garenean, haur eta gaztetxoen aisialdiaz eta hezkuntzaz ari gara. Eta ez zait kasualitatea iruditzen udaleku horietan egon diren gaztetxoak sare sozialetan antolatu eta honako mezua zabaldu izana: «Zuekin gaude. Bernedo beti izan da gure babeslekua. Uda bikainak bizi ditugu berarekin eta horrela jarraitzea nahiko genuke». Gaztetxoak pozik badaude, badakigu arazoa nork daukan.

Eutsi, lagunok. Bitartean guri, udaro-udaro nahastuko zaizkigu pereza eta inbidia tripetan, eta miresmen osoz esango dizuegu: «Ze ondo ari zareten, maiteak. Ze pozik izango ginatekeen gu ume zuekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.