«Ez da normala egun batean hogei erreskate egitea», dio Hugo Agoues surflari zarauztarrak. Ez da ohikoa, baina egunotan ezohiko osagaiak elkartu dira kostaldean: bero handiko bolada luzea, itsaso txarra, eta hondartzetan oraindik soroslerik ez. Nahasketa horren ondorioz, azken aste honetan hondartza batzuetan surflariek sorosle lanak egiten aritu behar izan dute. Donostia eta Zarautz dira horren adibide. Egunotan, bi udalerri horietako surflariek ehun bat pertsonari lagundu behar izan diete itsasotik ateratzen. Urtero bezala, ekainarekin batera hasten dira sorosleak lanean, baina aurten aurreratu egin dira udako tenperaturak, eta hondartzetan ere ari dira horren ondorioak pairatzen.Â
«Duela astebete etorri zen itsaso txarra, itsaso azpiko hondarra mugitu egin da, eta txurroak sortu dira», azaldu dio BERRIAri Hugo Agoues surflari zarauztarrak. Ostegunetik hona, bertako surflariak taula gainean aritu dira, begi bat olatuetan eta bestea bainulariengan. Adierazi duenez, egun zailak izan dira, surf taula albo batera utzi behar izan dute, eta uretan sartu eta ezin irtenda geratutako bainulari mordoxka bati laguntzen aritu dira. «Nik ostegunean jada atera nituen bainulari pare bat, baina ostiralekoa izugarria izan zen». Egoeraren larria ikusita, surflarien komunitatea antolatzen hasi zen.
Zarauzko surf elkarteak zabaldu zuen boluntario taldea sortzeko deialdia. «Hasieran ez nuen asmorik, baina hondartzan eguna pasatuko nuela ikusita, animatu nintzen». Ez zen bakarra izan. «40 bat surflariren Whatsapp talde bat daukagu, eta boluntario izateko prest zeuden batzuk ateratzen hasi ziren». Udan sorosle lanak egin ohi dituzten batzuek udalera jo zuten banderak eskatzeko, eta hondartzan jarri zituzten.
«Salbamendurako taulak ipini dituzte hondartzan, txilibituak eta walkie-talkieak ere banatu dituzte boluntarioen artean, ur motoa ere atera zuten atzo... sortu den mugimendua izugarria da»
HUGO AGOUESSurflaria
Horrekin batera, herriko surf taldeak eta Axi Muniainen eskolak, bereziki, «salbamendurako taulak ipini dituzte hondartzan, txilibituak eta walkie-talkieak ere banatu dituzte boluntarioen artean, ur motoa ere atera zuten atzo... sortu den mugimendua izugarria da», esan du Agouesek.
Baldintzak ez dira onenak, baina jendeak ganorarik gabe jokatzen al duen galdetuta, zera argitu du surflari zarauztarrak: «Bainua hartzera doazenek ez dute arriskua ikusten. Olatuak ez dauden lekuetan sartzen dira asko, segurua dela pentsatuta, eta beharbada leku okerrena da». Azaldu duenez, «batzuetan, gerriraino sartuta ere, olatu batek eramaten zaitu, igerian hasten zara, eta urak barrura tiraka egiten dizu, eta, konturatzeko, ezin zara atera».
Kostaldeko jendea, oro har, arriskuaz gehixeago jabetzen da, baina kostaldekoak ez direnak, berriz, ezustean harrapatu ahal ditu itsasoak. Hala ere, edonori gertatu ahal zaiola ohartarazi du AgoĂ¼esek. «Inork ez badizu esaten non dagoen arriskua, normala da horrelakoak gertatzea». Hain zuzen, arriskuaz ohartarazteko antolatu dira surflariak. Txandaka, bost bat surflari aritu izan dira azken egunotan hondartza zaintzen.
Prebentzioaren arrakasta
Apurka-apurka, arriskuaren kontzientzia hartzen ari da jendea. «Erreskateen albisteak ikusita, atzo Donostian gizon bat hil zela jakin ostean, eta gu ikusten gaituztela txilibituekin eta abar... jendea gehiago jabetzen ari da arriskuaz». Antolakuntza horren emaitza ona nabarmendu du Agouesek: «Atzo, adibidez, olatu handiak zeuden, eta egun txarra izan zitekeen, baina ondo joan zen».
Ez da berria hondartzetan ohiko denboralditik kanpo jendea pilatzea. Azken urteotan klima aldatzen ari da, eta ohikoa da Aste Santuan, adibidez, jende asko egotea. Asteburuetan jende gehiago egoten bada ere, beroa dagoen lanegunetan ere lepo egoten da hondartza. «Atzo astelehena zen, eta, arratsaldean zenbat jende zegoen ikusita, igandea ematen zuen».
Baliabideak ere egoera horren arabera jarri beharko liratekeela uste dute surflariek. Diotenez, Aste Santuan hasi eta urrira arte egoten dira hondartzak jendez beteta. Agouesen ustez, «urte osoan gutxieneko zerbitzu batzuk egon beharko lirateke, jaiegunetan, eguraldi ona dagoenean eta itsasoaren baldintzak txarrak direnean martxan jartzeko».
Beroari aurre egiteko neurriak aurreratzea
Hondartzan ez ezik, gizartean oro har arrisku handiak eragiten ditu beroak. Hori dela eta, Jaurlaritza hausnartzen ari da bero oldeei aurre egiteko neurriak lehenago abiatzea. Itxi leihoak eta jaitsi pertsianak; ez egon eguzkipean bero handieneko orduetan; edan ura eta ez egin ariketa fisikorik kalean. Ezagunak dira tenperatura altuei aurre egiteko eta gorputza fresko edukitzeko gomendioak; halere, bero oldeak gero eta lehenago eta maizago ari dira zabaltzen, eta, prebentzio neurri indibidualetatik harago, datorren urtera begira beroaren aurkako plana lehenago abian jarri beharko ote litzatekeen hausnartzen ari da Eusko Jaurlaritza. Â
Beroaren aurkako plana ekainaren 1etik irailaren 30era arte egon ohi da indarrean. Bada, baliteke 2027tik aurrera plan hori maiatzaren 15ean abiatzea, Osasun Publikoko zuzendari Guillermo Herrerok atzo adierazi zuenez. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak ere iritzi dio «klima aldaketa dagoeneko hemen» dagoela, eta administrazio publikoen «ardura» dela halako egoerei aurre egiteko baliabideen inguruan hausnartzea eta hartu beharreko erabakiak hartzea.

Hain justu, Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja ezarri zuen atzo, eta gaur ere indarrean egongo da; hots, Euskal Herriko zenbait lekutan 35 gradurainoko tenperaturak espero dira. Horrez gain, hegoaldeko haizea dela eta, baso suteen arriskua handia dela ohartarazi dute.Â
Egunotako bero saparen neurria azpimarratu du Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ere: horren arabera, maiatzean inoiz izandako tenperaturarik beroenak erregistratu dira asteon Donostian eta Bilbon. Bero oldearen adierazle da, halaber, egunotan Osakidetzan hamazazpi lagun artatu dituztela beroak eragindako arazoengatik.Â
Euskal Herrian ez ezik, Europa mendebaldeko beste zenbait herrialdetan ere ohi baino tenperatura altuagoak erregistratu dituzte, hala nola Espainian, Frantzian eta Erresuma Batuan. Kasurako, Frantzian zazpi pertsona hil dira bero oldearen eraginez, eta Erresuma Batuan urteko garai honetan inoiz erregistratutako tenperaturarik beroenak erregistratu dituzte: 30 gradutik gora.
Erregai fosilen ondorio
Aspaldiko iragarpena da: urtetik urtera, tenperatura altuak gero eta goizago iritsiko dira. Eta ez da kasualitatea. Nature aldizkariak iaz argitaratutako ikerketa baten arabera, 2000. eta 2023. bitartean erregistratutako 213 bero olde klima larrialdiak eragin zituen, eta horietatik 55 —laurdenak— ez ziratekeen gertatuko gizakiak eragindako berotze globalagatik ez balitz.Â