Jakina zen bazetorrela. Joan den egunetan guztien ahotan zen gaia. Hasperenka hitz egiten zuen jendeak hari buruz, han-hemenka, halako izu batek harturik bezala. Asko beldur ziren: beroa ez ote zen erauntsi baten gisara ailegatuko, olatu horrek ez ote zituen azpian harrapatuko denak, eta ez ote ziren geldituko gainean manta pisu eta itsaskor bat balute bezala. Bero sapa gainetik ezin kendu.
Aritz Irigoien marrazkilariak umorea baliatu zuen berripaper honetan beroaldiaz aritzeko, umore freskoa erabili ere. Osteguneko haren zintan, zera zioen neska batek, Nafarroako herriren bateko festetan, izerdi patsetan: «Zer dira 40 gradiko!». Eta, hain zuzen, zer dira, bada, 40 gradu termometroan? Non, nola eta zertan; horra joko zelaia eta, horrenbestez, beroa jasateko gaitasuna zehazten dituzten hiru aldagai nagusiak. Zer dira 40 gradu kalean lanean? Zer dira 40 gradu etxerik ezean? Ez dira samurrak.
Ailegatu da beroa. Euskal Herri osora heldu da. Eusko Jaurlaritzak abisu horia du aktibatua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, beroagatik, eta antzera dira Ipar Euskal Herrian: gaur alerta horia dute ekaitzengatik; bihar, beroagatik.
Ikusi gehiago
Edonola ere, beroaldia Nafarroan da nabarmenena: tenperaturak herrialdeko zona askotan izan dira 40 graduren bueltakoak. Nafarroako Aemet meteorologia zerbitzuaren arabera, oraingoa aurtengo bigarren beroaldia da herrialdean, eta litekeena da urteko «bortitzena» izatea. Etzira bitartean, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak alerta gorena ezarri du ia lurralde osoan —ikusteko dago astelehenean alertari eutsiko dioten, baina iragarpenek ez dute tenperaturen jaitsierarik aurreikusi—, muturreko tenperaturengatik. Erribera da beroen, baina Iruñea ere eltze bat gaur, ostiralez.
Eguzkipean lanean
19 gradu. Eguna urratu da duela ordubete, eta termometroak ez du iragarrita zegoen tenperatura markatzen oraindik. 08:00etan, Iruñeko Alde Zaharreko kaleak garbitzen hasi da Jesus Vitas garbitzailea; atzoko bestaren aztarnak eta zoruan pilatu diren hostoak jasotzen ari da erratzarekin. Mahuka motzeko kamiseta horia du soinean, eta, «momentuz», izerdiak ez dio kopeta busti. «Ikusiko dugu gero, ea eguerdian nola ibiltzen naizen...», adierazi du langileak. Beroa «deserosoa» dela aipatu du Vitalek, baita langileak aski babesgabe direla iradoki ere, ez baitute protokolo jakinik oso bero denerako: «Hidratatu, minutu batzuk atseden hartu, eta berriro garbitzera».
Halako egunetan, Blanca Murillo Correos posta zerbitzuko banatzaileak ere botila bat ur dauka lagun gisa. 08:30ean posta bulegoan dago, bere gurdi horian Alde Zaharretik banatu beharko dituen paketeak biltzen. Termometroak 19 gradu markatzen du oraindik, baina Murillok badaki sargoria datorrela: «Beroarekin gehiago nekatzen zara, eta, gainera, erdiguneko etxeetan ez dago igogailurik». Tenperatura beroen ondorioz alerta gorria dagoenez, Murillok susmoa du arratsaldean ez dutela paketerik banatu beharko —enpresak hala adierazi izan die zenbaitetan—. Hala eta guztiz ere, goiz partean oraindik ez daki zehazki eguerditik aurrera zer gertatuko den.

Hondakin pisutsuak ditu sorbalda gainean Richard Otxoa obrako langileak; praka luze eta beltzak ditu soinean. Gaur eguzkia atera bezain pronto hasi da lanean, 07:00etan, San Frantzisko plazako eraikin bat inguratzen duen aldamio altuan igota. 09:00ak dira, eta termometroak 20 gradu markatzen ditu, baina olana berdearen atzean bero handia pilatzen da. «Begira nola daukadan kopeta!», dio langileak, tantaz jositako bere bekokia seinalatuz.
Berotik babesteko segurtasun neurriei buruz galdetuta, zalantzaz bete zaio aurpegia, harritu antzean. Esperientziak ez dio halakorik. «40 eta 48 gradu arteko tenperatura egiten duenean batzuetan atseden hartzen uzten digute». Bi litroko botila bat dauka eskura, erdi edana jada. Bat baino gehiago beharko ditu beroari aurre egiteko, laneguna 17:00etan amaitzen baitu.
Itzalpeak babesleku
Donibane auzoko zuhaitzen itzaletan babes hartu beste erremediorik ez du Maria Jesus Martinez garbitzaileak —ez da haren benetako izena, aitortu baitu lanean den bitartean ez diotela inorekin hitz egiten uzten—. 09:30ak dira, eta 20 graduren langa gainditua dago jada: 21 gradu daude termometroan. Ordurako, Martinez nabaritzen hasia da hirira datorren bero itsaskorra: «Izerditan nago, eta okerrena zuhaitzik ez dagoen lekuetan garbitzea da». Mahuka motzeko alkandora beltz bat darama, eta eguzkitako krema jarri du, baina hori da eguzki izpien aurrean duen babes bakarra: «Itzala bilatzeko eta hidratatzeko esaten digute, baina ez gaitezela denbora gehiegi gelditu».
Auzo berean, Bayon laneko arropa eta oinetakoen denda dago. Bertan, Jose Maria Basarte dendariak osasun, ostalaritza eta industria sektoreetarako material eta jantziak saltzen ditu. Dendako sabaian haizagailu handi bat du. Hark laguntzen dio kale kiskalgarrietatik ihes egiten. 11:00ak dira, eta 24 gradu daude kalean. «Gero eta gehiago saltzen dugu transpiratzen uzten duen arropa, langileek hainbesteko beroa pasa ez dezaten. Baina garrantzitsuena da enpresek kontuan hartzea gaurko beroarekin lanean daudenen arriskua», azaldu du Basartek, kezka ezin disimulatu.
«Gero eta gehiago saltzen dugu transpiratzen uzten duen arropa, langileek hainbesteko beroa pasa ez dezaten. Baina garrantzitsuena da enpresek kontuan hartzea gaurko beroarekin lanean daudenen arriskua»
JOSE MARIA BASARTE Laneko arroparen saltzailea
Halabeharrez galtza eta mahuka luzeko arropekin joan behar duten langileen kontrastean, zorioneko sentitzen da Ainhoa Torregrosa soroslea. Beste uda batez, Txantrea auzoko igerilekuetan dabil lanean. «Gure kasuan, ezin da ezarri tenperatura jakin batetik aurrera lana egiteko debekurik; beharrezkoagoak gara orduan».
Torregrosak aurrez ere bizi izan ditu aste honetakoaren gisako bero boladak, baina, halere, erreparoz begiratzen die aldiro. Batetik, berak ere jasaten duelako beroaldia —«eskerrak itzalpe bat jarri diguten»—, baina, batez ere, ederki dakielako lana konplikatuagoa dela halako egunetan. Jende gehiago biltzen da uretara, eta, gainera, erabiltzaileek beroarekin problemarik ote duten ere eduki behar izaten du kontuan etengabe.
Aurten, oraindik ez zaio egokitu bero kolpea jasan duen inor artatzea; iaz bai. Nabarmendu duenez, pertsonaren arabera, bero kolpe batek askotariko ondorio fisikoak eragin ditzake, hala nola buruko mina, zorabioa, egonezina, nahasmena, azal bero gorritu eta lehorra. Ohartarazpen bat egin du: «Horrelakoetan, jendeak tentazioa izaten du bat-batean leku hotz-hotz batera joatekoa, edo zuzenean uretara salto egitekoa, freskatzeko. Tenperatura aldaketa bortitz horiekin ere kontuz ibili beharra dago». Gomendioa argi eman du sorosleak: «Hidratazioa, eta, ahal dela, itzala». Lanerako zein bestelakoetarako, beti dira premiazkoak bi horiek.
Urgentziazko premia
Kalea beste bizitokirik ez dutenek ere ezinbestean eman behar izaten dituzte uda parteko beroaldiak karrikan. Gerizperen baten bila ibiltzen dira sarri, hala moduz; eta, jakina, ez zaie aski. Askorentzat, administrazioaren mendeko larrialdiko aterpe eta baliabideak dira aukera bakarrak halakoetan. Ordea, azpiegitura horiek eta haietarako sarbideek gabezia ugari dituzte —kasuan-kasuan, erroldari loturiko baldintza zorrotzak daude ezarrita, eta, oro har, toki kopurua mugatua da—, eta, tenperaturak muturrekoak direnean, zentroek gainezka egiten dute.
Iruñean, «bero sapak iraun bitartean etxegabeentzako zerbitzuak indartzeko asmoz», Iruñeko Udalak beroari aurre egiteko protokoloa jarri du martxan estreinako aldiz alor horretan —proiektu pilotua da, orain arte ere hartzen baitzuten neurririk, baina ez zuten irizpide argirik—. Funtsean, zera egin dute, Etxerik Gabekoei Laguntzeko Zentroan ohi baino zortzi leku gehiago eskaini, eta erabiltzaile bakoitzak bertan gehienez eman dezakeen egun kopurua koska bat handitu. Batetik, zortzi leku gehiago jarri dituzte erabilgarri: kopurua 50etik 58ra handitu da. Normalean, 25 toki izaten dira erroldatuta daudenentzat, eta beste 25 pertsona ibiltari edo erroldarik gabekoentzat —bi multzo horien banaketa malgutu egin daiteke, eskariaren arabera—. Bestetik, Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, ibiltariek eta erroldarik gabekoek egun bat luzatzen ahalko dute egonaldia zentroan, betiere «hala eskatzen badute». Normalean, urtean hiru egun eman ditzakete gehienez ere: orain, lau.