Prentsaurrekoaren deialdia kazetariei helarazteko manerak berak ere agerian utzi du estualdiaren neurria. Nafarroako Gobernuak hiru ordu eskaseko tartearekin eman die abisua, SMS bidez, soilik esanez Larrialdietarako Aholku Batzordearen bilkura bukatutakoan Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak azalpenak emanen zituela. Mezuan ez dute hizpideari buruzko informaziorik eman, baina espero zitekeen azken egunotan herrialdean piztutako suteak izanen zirela mintzagaia. Hala izan da, eta, Lopez ez ezik, Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria ere agertu da hitz egitera. Besteak beste, jakinarazi dute gobernuak Nafarroako Baso Suteen Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Bereziari eutsiko diola, eta laborantzari dagozkion neurri murriztaileek ere indarrean segituko dutela. «Egoera zein den ikusita, ez gaude alertak indargabetzeko moduan», berretsi du Lopezek.
Iragan egunak «konplikatuak» izan direla aitortu du Lopezek, agerraldia hasi eta segituan, baina notizia on batekin eman dio segida azalpenari: nabarmendu duenez, asteartean Izarbeibarren piztutako sutea guztiz itzalia dago dagoeneko, eta ez da beste suterik herrialdean. Hala eta guztiz ere, kontseilariak argitu du Nafarroa ez dagoela «arriskutik salbu». Ondorio hori atera dute batzordean aztertutako parametroak ikusita, batik bat muturreko tenperaturak daudelako iragarrita gaurko eta datozen egunetarako —«40 graduren langaren bueltakoak» izanen direla aipatu du— eta hezetasuna «oso apala» delako. «Mesede egin diezagukeen faktore bakarra dugu oraintxe bertan: igandera bitarte, haizeak ez du gaindituko orduko 30 kilometroko abiada».
Bi kontseilariek nabarmendu dutenez, «arduragatik» eta «lehentasuna herritarren segurtasuna delako» erabaki dute alertei eustea, eta ez dute zehaztu neurriak noiz iraungiko diren. Horrenbestez, aldaketarik izan artean, indarrean dira bai Nafarroako Baso Suteen Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Berezia, bai eta gobernuak joan den asteartean onartutako foru agindua ere —biharamunean moldaketa batzuk egin zizkieten, malgutzeko—. «Soilik horrela izaten ahalko gara behar bezain zuhurrak eta erreakzionatzeko arinak zernahi gertatzen dela ere», azpimarratu du Lopezek. Larrialdietarako plan bereziak Espainiako Gobernuaren edo beste autonomia erkidegoen baliabideak eta laguntza izateko eskubidea aitortzen dio Nafarroari.
Ikusi gehiago
Indarrean dauden planek jasotzen dituzten neurri murriztaileak ekarri ditu gogora Aierdik. Batetik, lur eremu idorretan ezinen da uztarik bildu —foru aginduaren lehenbiziko bertsioan lur mota guztietan zegoen debekatua jarduera hori—. Bestetik, urbanizagarriak ez diren lurretan debekatua dago sua erabiltzen duten edo txinpartak pitz ditzaketen makinak erabiltzea.
Desadostasun argiak
Asteartean foru agindua onartu zenez geroztik, tentsio handia izan da Nafarroako Gobernuaren eta lehenbiziko sektoreko sindikatuen artean. Oro har, neurri murriztaileak gehiegizkoak zirela iritzi zioten nekazariek, eta, gerora zenbait muga malgutu badira ere, kritiko dira gobernuaren jokabidearekin. Horren erakusgarri da UAGN sindikatuak Lopezen dimisioa eskatu izana. UAGNk auzitara joko du Nafarroako Gobernuaren aginduaren kontra, sindikatuaren iritziz «ezin duelako lan egiteko eskubidea mugatu».
Kritika horiei erantzunez, Barne kontseilariak oroitu du suteen kontrako neurriak «zuzen-zuzenean» lotuta daudela herritarren segurtasunarekin. «Biziak salbatzeari buruz ari gara. Nafarroan ederki dakigu zer den suak eragiten duen beldurra: 2022koa gogoratu besterik ez dugu». Hain zuzen, Lopezek esan du orduko hartan asko aurpegiratu zietela behar adina jarduera debekatu ez izana, eta, horregatik, adierazi du paradoxikoa dela orain kontrakoa izatea kritiken jomuga: «Gehiegi debekatzea».
Gobernuko kideek nabarmendu dute Nafarroa oso abila dela suteen kontrako estrategietan, baina ohartarazi dute mugak badirela. «Sute bati eragotz dakioke bidea, biri ere bai. Baina gehiago ditugunean, aldi berean, arriskua oso handi bilakatzen da bat-batean», azaldu du Lopezek. Asteartean hartu zuten erabakiaren aldeko beste argudio bat ere eman du, gainera. Dioenez, gobernuko kideek bakarrik ez, larrialdietako zerbitzuetako kideek eta suhiltzaileek ere nahi zuten larrialdi planak eta murrizketak indarrean sartzea. «Gure betebeharra zen».