Beroa dela eta, abisu gorria aktibatu dute Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko zenbait lekutan

Nafarroa, Araba eta Bizkai ia osoan ere abisu laranja aktibatu dute bero handiagatik; Araban eta Nafarroan, gainera, sute arriskua ere izango da.

Bakioko hondartza, bero handiko egun batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bakioko hondartza, bero handiko egun batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko abuztuaren 11
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bero handia izango da gutxienez beste bi egunez. Meteorologia zerbitzuek horiz, laranjaz eta gorriz margotu dute Euskal Herriko mapa, abisuak aktibatu baitituzte beroagatik. Lurra lehortzen ari da, eta sute arriskua handia da Araban eta bereziki Nafarroan.

Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko zenbait lekutan aktibatu dute abisurik larriena, gorria; Nafarroan, Araban eta Bizkai barnealdean abisu laranja aktibatu dute, baita Pirinio inguruan ere. Kostaldean, berriz, hori kolorekoa da abisua, tenperatura apalxeagoak espero baitira, 30 gradu ingurukoak. Egun osoan izango dituzte abisuak indarrean, eta espero da bihar ere beste hainbeste egitea, Gipuzkoan izan ezik, han apur bat freskatuko duelako.

Ipar Euskal Herrian 30 gradu inguru egitea espero dute, eta hori ezohikoa da inguru horretan; gainera, ekaitz arriskua ere izango da. Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, 35 gradutik gorako tenperaturak espero dituzte, 40 gradu baino gehiagokoak ere bai zenbait lekutan. Eguerdira bitarte hego haizea nagusituko da, eta horrek bero sentsazioa areagotuko du. Arratsaldean, berriz, ipar-ekialdetik joko du, eta baliteke euria ere egitea zenbait tokitan.

Nabarmen berotu du atzotik. Bart gauean, termometroa ez da hogei gradutik jaitsi Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta uste  dute ostiralera arte horrela jarraituko duela. Atzo, Osakidetzak gutxienez lau pertsona artatu zituen muturreko beroaren ondorioz zorabiatzeagatik; guztiak erietxera eraman zituzten.

Sute arriskua

Nafarroan eta Araban suteak pizteko arriskua dagoela ere adierazi dute meteorologia zerbitzuek. Horregatik, SOS Nafarroak gogorarazi du suteak pizteko moduko jarduerarik ez egiteko, eta sua ikusiz gero 112 telefono zenbakira deitzeko ahal bezain laster. Gaineratu dute sugarrek indarra hartuz gero haizearen kontrako norabidea hartzeko —kearekin ez itotzeko—, eta maldan behera jaisteko, sua azkarrago joaten delako gorantz. Era berean, aholkatu dute kasu horretan ahoa eta sudurra oihal heze batekin estaltzeko, kerik ez arnasteko. Bestalde, azaldu dute erretzeko ezer ez dagoen gune batera joatea dela aproposena; adibidez, landare gutxiko lekuetara.

Oraindik ez dute kontrolpean larunbat iluntzean Zarrakaztelun (Nafarroa) piztu zen sutea; beroak asko zaildu dizkie lanak suhiltzaileei. Hala ere, gaur hobera egin dute eguraldiarekin lotutako baldintzek, eta, hala Zarrakazteluko nola Murillo el Fruto (Nafarroa) herrietako bizilagunei baimena eman diete etxeko ateak eta leihoak irekitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.