Iñigo Urkullu (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria)
Ertzaintzaren polizia operazioa "eredugarria" izan dela nabarmendu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta gizartean "beharrik gabe tentsioa sortzea" aurpegiratu dio EH Bilduri. Ezker abertzaleari "arduraz" jokatzeko eskatu dio, eta ohartarazi du polizia "integrala" dela Ertzaintza eta beraz agindu judizialak betearazi behar dituela.
Halaber, ohartarazi du Alkorta atxilotzeko operazioaren eraginez "baliabideak xahutu" dituztela, eta horren erantzule egin du EH Bildu.
Estefania Beltran de Heredia (Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila)
Radio Euskadin mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia Urtza Alkorta atxilotzeko polizia operazioaren inguruan. Polizia zoriondu eta eskerrak eman dizkio, eta gaineratu du "harro" dagoela "gure Ertzaintza bezalako Polizia baten" buru izateaz: "Ertzaintzak pertsona guztien segurtasuna bermatu du".
Alkortaren atxiloketa oztopatu nahi izan dutenen erresistentzia "kasu batzuetan aktiboa" izan dela eta "hedabideen grabazioek" hala erakusten dutela uste du Beltran de Herediak: "Pertsona askok, euren erresistentziarekin, Ertzaintzak agindu judizial bat betetzea galarazi nahi izan dute".
Gainera, ezker abertzaleko buruzagiei leporatu die "gizartea Ertzaintzaren aurka" jarri nahi izatea: "Ekintza hauen arduradunei dei egiten diet hausnarketa bat egin dezaten, pentsa dezaten zein punturaino saiatzen ari diren Ertzaintzari eta gizarteari egoztea ez dagokien ardura".
Argia Ituarte (Ondarroako alkatea)
Hunkituta hitz egin du Argia Ituarte Ondarroako alkateak Info7 irratian egin dioten elkarrizketan. Gaur bizitakoa "oso gogorra" izan dela esan du, eta erantsi du herrian ez dituztela ahaztuko ez gaurko eguna eta ezta Alkorta babesteko Alamedan igarotako egunak ere.
Laura Mintegi (EH Bildu)
"Hausnarketa bat" egiteko eskatu dio Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Ertzaintzari, iritzita poliziek "ikuskizun tristea eta penagarria" eman dutela. "Euskal polizia den edo Espainiako Poliziaren adar bat den" erabaki beharko du Ertzaintzak, Mintegiren esanetan.
"Euskal Poliziak Espainiako agintariei eta boterei egiten die men eta hori ez da ulertzen", kritikatu du. "Herriak esan du nahikoa dela, atxiloketen zikloa amaitu dela eta horregatik Ertzaintzak hausnarketa egin behar du. Zeinen menpe dagoen ikusi behar du".
Asier Vega (Alternatiba)
Alternatibaren Bilboko bozeramaile Asier Vegak txalotu egin du Ondarroako Zumardian erakutsitako "herri duintasun eredua, zeinetan ehunka lagunek delitu ezagun bakartzat militantzia politikoa duen gazte bat babesten eguneko 24 orduak eman dituzten".
Baina atxiloketaren gainetik ere, Alternatibak nabarmendu du Donostiako Boulevardean gertatu bezala, “Ondarroa erresistentzia bakezalearen, herritar duintasunaren eta elkartasunaren eredu bilakatu dela mundu osoaren aurrean”.
Vegak gogorarazi du Alkortaren aitortza torturapean lortu zutela, berak salatu zuenez, eta Nazioarteko Amnistia bezalako erakunde batek Espainian “tortura estatuaren egiturazko arazoa” dela esan berri duela.
Jose Antonio Pastor (PSE)
Alkortaren atxiloketa ez dela Ertzaintzaren "nahikeria" izan nabarmendu du Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkideak, eta azaldu du Ertzaintzak "agindu judizial bat betearazteko" jardun duela. ETBn eginiko elkarrizketa batean, Pastorrek esan du "eboluzio baikorra" antzeman duela ezker abertzalean, erresistentzia era baketsuan egitera deitu dutela-eta. Hala ere, Alkorta ez atxilotzeko eskaria kritikatu du.
Bestalde, EITBk Ondarroako Aske Guneari eginiko jarraipen informatiboa kritikatu du PSEk. "Nabarmena izan da atxilotuaren aurkezpena herritar bat gehiago izango balitz bezala, baztertuta bost urteko espetxe zigorrera kondenatu dutela ETAko talde bati laguntzeagatik", esan du.
Borja Semper (PP)
"Lotsagarritzat" jo du Borja Semper legebiltzarkideak Laura Mintegi EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen taldearen bozeramailea Ondarroako Aske Gunean egotea, eta ertzainen "profesionaltasuna" goraipatu du: "Era lotsagarrian jardun dutenak Mintegi eta abar izan dira".
Gorka Maneiro (UPD)
Ondarroako "zirkuarekin" lehenago amaitu ez izana kritikatu dio Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari. "Hobe berandu, inoiz ez baino", esan du, baina erantsi du "denbora gehiegi" igarotzen utzi dela.
Gainera, "tamalgarria" iritzi dio EH Bilduko legebiltzarkide ugari Aske Gunean egoteari —han ziren Laura Mintegi, Unai Urruzuno eta Maribi Ugarteburu—, eta zalantzan jarri du Alkorta babestu dutenen jarrera baketsua izan dela: "Gaizkile baten atxiloketa saihesten saiatu dira".