Erreakzioak. Ares: "Albiste bikaina da"

2011ko apirilaren 28a
18:40
Entzun

Eusko Jaurlaritza (Lehendakaritza). "Pauso ona da ETAren erabakia, baina ETAk bere behin betiko erabakia iragarri beharra du".

Rodolfo Ares (Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua). "Albiste bikaina da, enpresaburuek ez dutelako gehiago jasango ETAren xantaia. ETAk jarduera terrorista betiko utzi dezala nahi dugu".

Miguel Sanz (Nafarroako Gobernuko lehendakaria). "Zuhurtzia handiz hartu behar da ETAren erabaki hau, baina pixka bat baikor egon gaitezke. Demokraton batasunaren ondorioz hartu du neurria ETAk".

EAJ. "Pozik hartu dugu ETAren erabakia, baina zuhurtziaz hartu behar da".

Jose Antonio Pastor (PSE-EEko bozeramailea). "Norabide onean doa, baina lanean segitu beharra dago ETA behin betiko desagertu arte".

Aralar. "ETAk hartutako erabakia bere neurri osoan baloratu beharrekoa da, eta irakurketa positiboa egiten dugu, ETAk su-eten iraunkorrean jarraitzeko borondatearen erakusle badelako, eta bide onean gaudenaren seinale da".

EA. "EAk beti salatu du xantaia onartezina dela, eta hori etenda Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko familia asko lasaiago egongo dira. Gernikako Akordioaren eskaeretako bat bete da. Euskal Herriaren baketzean pausoak ematen ari dira".

Pello Gonzalez (Hamaikabat). "Albiste ona da, baina sakoneko arazoak hor jarraitzen du, ETAk gizartean eragin nahi duelako".

Mikel Arana (Ezker Batuko koordinatzailea). "Erabaki ona da, baina ez da berria ere, enpresaburuek esana zutelako ez zutela ETAren diru eskaerarik jaso azkenaldian. ETAk desagertu beharra du".

Yolanda Barcina (UPNko presidentea). "Ona da ETAren estortsioa bukatzea, baina ETAren desagerpena behar dugu".

Leopoldo Barreda (EAEko PPko bozeramailea). "Garbi dago ezin dugula balorazio negatiboa egin. Erabaki hau behin betikoa izan dadin lan egiten segitu behar dugu, terrorismoa bukatzeko. Hori da xedea, eta ahaleginak biderkatu egin behar dira".

Elena Valenciano (PSOEko zuzendaritzako kidea). "Enpresaburuentzat eta Espainiako gizartearentzat albiste ona da, baina denek dakite zer nahi dugun: ETA talde terroristaren behin betiko bukaera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.