Erreakzioak. Asparrenako Udalak elkarretaratzera deitu du

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko azaroaren 27a
18:03
Entzun

Hilketaren berri izanda, Asparrenako Udalak ezohiko bilkura egingo du gaur arratsaldean, 18:00etan. Herritarrei, berriz, 18:15erako jarri diete hitzordua: elkarretaratzea egingo dute herriko plazan. 

Erreakzioak hasi dira Tere Egurrolaren hilketaren harira.

· Emakundek gaitzetsi egin du hilketa, eta gogoratu du herritar guztien egitekoa dela indarkeriari aurre egitea: "Emakundek gizarteari dei egiten dio honelako indarkeria kasuen aurrean sentitzen duten nazka eta gaitzespena adierazteko". Ohartarazi du indarkeria andreak mehatxatzeko erabiltzen dutela, "indarrean dauden genero arauak aldatu ez ditzaten". Maria Silvestre, Emakundeko zuzendaria, Asparrenako elkarretaratzean izango da.

· Eusko Jaurlaritzaren izenean, Idoia Mendia Herrizaingo sailburu eta bozeramaileak agertu du gaitzespena: "Berriro ere senarraren eskuetan hil da emakume bat". Jakinarazi du kasu horietarako protokoloak martxan jarri dituztela. Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak nabarmendu du guztiei eragiten diela indarkeria matxistak. "Ezinbestekoa da gizarte guztiak bere egitea berdintasunaren balioak, eta ulertzea gizarte arazo larri horrek egiturazko jatorri bat daukala".

· Arabako Diputazioak "atsekabea" azaldu du. Javier de Andres, ahaldun nagusia: "Mina agertu nahi dugu dugu gaur egun ere horrelakoak gertatzen direlako eta gure herrialdean pairatu behar ditugulako. Denbora da horrelakorik gertatzen ez zela, eta atsekabez betetzen gaitu".

· Emakumeon Mundu Martxako platafromak “emakume izateagatik jasaten den biolentzia oro” salatu du, komunikatu baten bidez. Gogoratu du aurten zazpi emakume hil direla “indarkeria matxistaren ondorioz”, eta azaroaren 28 eta 29an egingo diren elkarretaratzeetara joatera deitu du.

· Espainiako Osasun ministro Ana Matok gaitzetsi egin du hilketa, eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeen babesa handitzearen alde azaldu da. Horren adibide gisara jarri du Espainiako Gobernuak Zigor Kodea aldatzeko proposamena. Gainera, tratu txar oro salatzera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.