Seigarren egunez jarraian, berrehun kasutik gora atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, azken zenbaketetan 224 kasu detektatu baitituzte. Beste egun batez, Bizkaian izan dira kutsatze gehienak: 123. Nafarroan 59 kasu detektatu dituzte; Gipuzkoan, 25; Araban, 14: eta erkidegotik kanpo, 3. Bilbo izan da egunotan arretagunea, han atzeman baitituzte positibo gehienak azkenaldian. Azken kontaketen arabera, beste 73 kasu izan dira, eta ostegunetik 335 positibo atzeman dituzte dagoeneko. Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen hiriburuko Fever diskotekan sei kasu detektatu zituztela, eta dei egin zien uztailaren 24tik 26ra diskoteka horretan izan zirenei PCR proba egitera joateko. Gaur egingo dizkiete testak, Basurtuko ospitalearen kanpoan dagoen karpan. Bestalde, hilaren 25etik 30era Erandioko Goikoa batzokian izan zirenei ere proba egitera joateko eskatu die Osasun Sailak. Testak Urdulizko ospitalean egingo dizkiete.
Azken orduetan, hamahiru pertsona ospitaleratu behar izan dituzte gaitzaren ondorioz, eta zazpi pertsona daude ZIUetan. Nafarroan, gainera, bost pertsona etxean daude ospitaleraturik. Oraintxe, 98 pertsona daude COVID-19aren ondorioz Hego Euskal Herriko erietxeetan.
Neurriak martxan Zangozan
Nafarroako Gobernuarekin bildu ostean, Zangozako Udalak (Nafarroa) herrian aplikatuko diren neurri murriztaileen berri eman du. Azken egunotan, hamazortzi kasu atzeman dituzte herrian, eta jarduerak mugatzeko erabakia hartu du udalak. Herriko zenbait instalazio itxita egongo dira: kiroldegia, haur eskola, jolas parkeak, liburutegia eta kultur eta gizarte taldeen jardueretarako lokalak. Gazte lokalak eta elkarte gastronomikoak ere itxi egingo dituzte. Bestalde, tabernek eta jatetxeek gauerdira arte bakarrik ireki ahal izango dute. Halaber, Nafarroako Osasun Sailak jakinarazi du azken orduetan ez dela beste kasurik atzeman Zangozan.