komunikabideak

BERRIA eskura, edonon

Paperezko egunkaria munduko edozein txokotatik bere horretan irakur daiteke. Gaurtik aurrera dago eskuragarri PDF bidezko harpidetza, BERRIA.INFOn.

2010eko urtarrilaren 14a
18:03
Entzun
Teknologia berriek aldaketak dakartzate, eta aldaketa horietara egokitzea eta onurak baliatzen jakitea izaten da erronka. Abantailen trenera igotzeko asmoz, aurrerantzean munduko edozein txokotatik BERRIA egunkariaren paperezko alea bere horretan irakurtzeko aukera izango da, PDF bidez. Paperezko alea eskuratzerik ez dutenek eduki guztiak paperezko itxura berarekin irakurtzeko modua dute gaurtik aurrera, egunkariaren webgunean -BERRIA.INFOn-. Jende gehiagok izango du aurrerantzean, beraz, eskura BERRIA. Paperezko egunkaria lortzeko zailtasunak dituztenek, kioskora gerturatzea ezinezkoa dutenek, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunek edota bizi ez baina denbora tarte baterako etxetik kanpo joandako ikasle, langile eta bidaiariek. Guztiek izango dute euskarazko egunkaria eskura, bere horretan.

Ordenagailu baten aurrean eseri eta webgunean sartzea da lehen egitekoa: BERRIA.INFO. Bertan, aleka deskargatzeko eta harpidetzeko aukerak izango dituzte irakurleek eskura, dituzten behar edota nahien arabera. Alekako aukerak eguneko egunkaria erosi eta deskargatzeko balio du. Egun bakarrekoa eros daiteke, edota hainbat ale irakurtzeko kopuru jakin bat, hamar aleko bonua, esaterako. Bonuek deskarga kopuru bat ordaindu eta epe mugarik gabe erabiltzeko aukera ematen dute. Behin ale bat erosita, nahi adina aldiz sar daiteke egunkariaren ale hori irakurtzera, horretarako izango duen pasahitza erabilita.

Harpidetza egitea da beste aukera. Paperezko harpidedunek bezala, aparteko eskaintzak eta onurak izango dituzte BERRIAko PDF harpidetza egiten dutenek ere. Hilabete baterako, hiru hilabeterako, urte erdirako… harpidetzaren maiztasuna irakurleak aukera dezake, nahierara. Eguneko alea ez ezik, aurreko hamabost egunetako egunkariak eskuratzeko aukera ere ematen du harpidetzak. Horretarako, erabiltzaile kode bat izango du harpidedun bakoitzak, eta pasahitza sartzea baino ez du izango paperezko alea pantailan irakurtzeko. Edonon eskura izango da BERRIA.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.