Itzalaldiak nabarmen baldintzatu zuen euskal herritarren bizitza. Horiek horrela, BERRIAk inkesta bat jarri zuen martxan atzo, herritarren iritzia jakiteko. Jende askok hartu zuen parte galdeketan, 1.000 pertsonako langa gaindituta. Erantzunen arabera, hamar pertsonatik zortzik ez dute uste gizartea prest dagoenik larrialdi egoerei aurre egiteko.
[INKESTA] Hego Euskal Herria argindarrik gabe geratu zen 12:33 aldera. Ipar Euskal Herrian etenaldia laburra izan zen. Egun osoan ziurgabetasuna nagusitu zen. Prest al gaude horrelako larrialdi egoerei aurre egiteko?
— Berria.eus (@berria) April 29, 2025
Idatzi txio batean zure iritzia. 📝https://t.co/xPUnGNFqO2
Astelehenean argindarra eten zen 12:33an, eta 13:30 aldera hasi zen itzultzen. Arazo nagusiak Hego Euskal Herrian jazo ziren; Ipar Euskal Herrian, etenaldi labur bat baino ez zen gertatu.
Hala ere, gauera arte iraun zuten argindarrarekin eta sakelakoetako seinalearekin loturiko arazoek; herritar ugarik arazoak eduki dituzte hurrengo egunetan ere.
Esanak esan, oraindik ez dute argitu zerk eragin zuen argindarra etetea. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek bi agerraldi egin zituen atzo, eta adierazi zuen ez zegoela argi zerk eragin duen itzalaldia, baina ez duela «hipotesirik baztertzen».
Bestalde, Itziar Zubia Ingeniaritza Eskolako irakasleak azaldu du «akats tekniko bat» izatea dela logikoena. Ildo berean, Alvaro Campos-Celador EHUko Ingeniaritza Eskolako irakasleak dio energia berriztagarriak ez direla «egungo egiturarekin ondo moldatzen».