Karlos Zurutuza BERRIAko kolaboratzaileak jaso du Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eta Miren Garate BERRIAko kazetariari eman diote Kazetari Berria saria.
Iaz Libiako eta Irakeko egoerari buruz BERRIAn idatzitako artikulu sortarengatik saritu dute Zurutuza, 9.000 eurorekin. Berriki Donostiako kazetariaren lana saritu zuen Argia astekariak ere, 2012ko prentsa idatziaren sariarekin.
Garate BERRIAko Egitura gehigarrian ekonomiaren gainean argitaratutako bost erreportajerengatik saritu dute. Horietako bi bereziki nabarmendu dituzte: Iluna tunela amaitutakoan eta Presaka, eta hankamotz.
Gaur goizean egin dute XXIV. Rikardo Arregi kazetaritza sarien banaketa, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean. Euskarazko kazetaritza lanak saritzen ditu lehiaketak. Txillardegi gogoratuz lelopean egin dute ekitaldia.
ETB1eko Sautrela saioari egin diote ohorezko aipamena, eta Mattin Larzabal kazetariari aipamen berezia, euskal kazetaritzan "aintzindari eta bidegile" izan delako. Epaimahaiaren sari berezia Argia astekariaren Beranduegi telebistarentzat izan da.
Iaz, Ainhoa Oiartzabal BERRIAko kazetariak jaso zuen sari nagusia, Nork hil zuen Begoña Urroz lanagatik. BERRIAk argitaratu zuen Igandea gehigarrian.