Joseba Zalakain. Egia Kareaga fundazioko ikerketa zuzendaria

«Berrikusi egin behar da laguntzen sistema»

Lana eta zaintza bateragarri egiteko diru laguntzen zakua hustu izana familia politika «ahulen» erakusle dela deritzo Zalakainek. Agortutzat jo du eredua, eta haurtzaroan «arreta» jartzearen premia nabarmendu.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2014ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Lana eta familia uztartzeko Jaurlaritzaren laguntzak amaitu izana «arazo larritzat» du Joseba Zalakainek (Donostia, 1968), Egia Kareaga fundazioaren ikerketa zentroko zuzendariak. Uste du geroz eta nekezagoa dela bi esparru horiek bateragarri egitea. Nolanahi ere, harago jo du: «Ereduan dago hutsunea». Hitzaldia eman zuen atzo, Gasteizen, EAEko Arartekoak familia politiken inguruan antolaturiko jardunaldietan. Europako egoera hartu zuen hizpide.

Obligazio gehiegi familientzat; baina, ez astirik, ez eta laguntza aski ere. Bideragarria da egunerokoa eta lana egoki uztartzea?

Bai, bideragarria, bada; baina laguntza gutxiegi daude horretarako. Familientzako laguntza ekonomikoak dira euskal gizartearen babes sistemak dauzkan hutsune nabarmenenak. Beste gastu batzuk ditu lehentasuntzat, eta, oro har, gutxi inbertitzen da familiei laguntzeko. Familiei asko eskatu, baina laguntza gutxi ematen zaie. Arreta handiagoa jarri beharko litzateke haurtzaroan, Europa iparraldeko herrialdeek egiten duten eran. Umeen premiei erreparatu, eta sasoi horren aldeko apustu irmoa egin beharko litzateke ahalik eta gehienetan. Hezkuntza eta sistema ekonomikoek erabat barneratu beharko lukete ideia hori.

Jaurlaritzari amaitu zaizkio jadanik lanaldi murrizketa eta eszedentzien aurtengo laguntzak.

Familiei laguntzeko sistemak aldaketa sakona behar du. Gai oso garrantzitsua da, eta premia adina baliabide egon beharko lirateke horri erantzuteko. Diru laguntzak hain bizkor etetea larria dela uste dut, baina arazoa askoz zabalagoa da. Lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak inportanteak dira gaur-gaurko sisteman; ez, ordea, inportanteenak. Benetako hutsunea ereduan dago. Eredu osoa berrikusi behar da, beraz.

Saihets zitekeen?

Bai. Azken finean, lehentasun politikoak dira. Batetik, diru dezente bideratzen ari da diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten familientzat; sekulako ahalegina egiten ari da haur pobreziari aurre egiteko. Bestalde, lana eta familia uztartzeko diru laguntzen aurrekontua murriztea erabaki du. Dena dela, ezin daiteke esan Jaurlaritzak gutxiegi edo gehiegi gastatu duenik gizarte politikan.

Familia franko konponbidea topatu ezinik dabiltza; bi soldatarekin ere, juxtu. Premien adinakoak dira erakundeen neurriak?

Euskal botere publikoen erantzuna sekula ez da izan beharren adinakoa. Laguntza maila arrazoizkoa da, baina argi dago ez dela behar orotara iristen. Hala ere, ezin dezakegu dena erakundeen esku utzi, enpresek eta merkatuek ere badutelako zeresana. Familien laguntzei dagokienez, hausnarketa eta orientazioa bultzatu behar da, sistema indartzeko eta konturatzeko hori dela benetako gabezia.

Nola jorra daiteke bide hori?

Laguntza gehiago nahi baldin baditugu, zerga eredua ere berrikusi beharko litzateke, nahitaez: zergen bidez gehiago jarri beharko genuke.

Europara begira jarrita, bestelakoa da egoera?

Europako herrialdeetan apustu irmoa egin dute familien alde. Argi eta garbi dute gizarte politikek inbertsio politikak izan behar dutela. Alegia, haurtzaroan gastatu behar dela dirua, umeak behar bezala irten daitezen lan merkatura eta bizitzara. Prestakuntzan eragitea dute funts nagusi, eta ez unean uneko arazoak konpontzen ibiltzea. Hemen, alderantziz. Ahula da familia politika, eta ideia hori ez dugu praktikan jartzen: bigarren mailan geratzen da prestakuntza, eta lehentasun bihurtu arazoari irtenbide bat bilatzea.

Hezkuntzan moldaketa nabarmenak egitea dakar horrek, ala?

Eta ari dira. 0 eta 3 urte bitarteko ikastetxeetan arreta indartzen ari dira Europako herrialdeetan, bizitzako lehen mila egun horietan garatzen direlako gerorako gaitasun, estimulu eta harremanak.

Familiak txikiagoak dira orain: ume gutxiago jaio, immigrazioa apaldu, bizi-itxaropena luzatu...

Ez dira gai lehen betetzen zituzten funtzioak betetzeko, eta Europan ohartu dira. Kezkaz daude. Badakite geroz eta zailagoa dela pobre izatetik ateratzea. Horregatik ari dira herentziaren kontuan eragiten. Kontu handiz zaintzen dituzte familiek haurrei transmititzen dizkieten ondasun kultural, afektibo, ekonomiko eta materialak.

Herrialde horien aldean, zer du hobetzeko «euskal ereduak»?

Ez dugu familientzako diru laguntza erregularrik, hilero jaso ahal den ordainik. Inguruko herrialdeetan, berriz, bai. Jaurlaritzaren eredua selektiboa da. Sarrerak bermatzeko errentari esker, familia pobreenak babestuta daude, baina besteek ez dute ia babesik. Alemanian eta Frantzian ez da horrelakorik gertatzen, hilero ematen baitituzte laguntzak. Bestelako egoera dugu hemen: batzuek, diru sarrerak bermatzeko errenta; besteek, gainerakoak.

Ez zaude baikor orain artekoaz.

Tresna erabilgarria da. Gauza on asko eman dizkigu, haurren pobrezia nabarmen murriztu duelako. Baina, era berean, baditu ageriko arazo batzuk: herritarrak zatitzen dituela. Horregatik berrikusi behar da eredua. Unean uneko laguntzak jaso ordez, erronka da klase guztientzako laguntzak lortzea; unibertsalak, hilerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.