Berriozarko Udalak arbuiatu egin ditu Munduko Futbol Kopako finalaren eguneko istiluak

PSNk eta Zurekin-ek adostutako mozioa onartu du udalbatzak; EH Bilduk babestu egin du. 'Arbuio' eta 'gaitzezpen' hitzen harira ika-mika piztu da sozialisten eta UPN eta PPNren artean.

Munduko Futbol Kopako finalaren egunean Bilbon jarri zuten pantaila erraldoia. LUIS TEJIDO / EFE
Munduko Futbol Kopako finalaren egunean Bilbon jarri zuten pantaila erraldoia. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2026ko abuztuaren 25a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berriozarko Udalak (Nafarroa) mozio bat onartu zuen atzo, Munduko Futbol Kopako finalaren egunean Espainiako militar batzuei egindako erasoa arbuiatzeko. Militar horiek taberna bateko terrazan zeuden, Argentinaren eta Espainiaren arteko futbol partida ikusten, eta orduan hasi ziren istiluak. Atzo egin zuten gertakari hari buruzko eztabaida udalean, eta udalbatzak ontzat jo zuen PSNk eta Zurekin-ek adostutako mozioa; EH Bilduk babestu egin zuen. Aitzitik, PPNk aurkeztutako idatzia atzera bota zuen udalbatzak; «gaitzespena» aipatzen zen mozio horretan, baina ez zen aurrera atera, PSNk abstentziora jo baitzuen eta EH Bilduk eta Zurekin-ek aurka bozkatu baitzuten.

Berriozarko Udalak onartutako idatzian «indarkeriaren eta intimidazioaren aurkako erabateko arbuioa» aipatzen da, eta istiluetan zauritu zirenak «lehenbailehen osatzeko» nahia ere bai. Horrez gain, mozioan adierazten da «bizikidetzak giza eskubideen errespetuan» duela oinarria, baita «askatasunean, aniztasunean eta indarkeriarik ezan» ere. Hala, txartzat jotzen da «jarrerak edota izaera politikoko sinboloak erabiltzea balio horien aurka jotzeko».

Halaber, Berriozarko Udalak Tokiko Bizikidetza Plana indartuko du, Nafarroako Gobernuko Bizikidetza eta Memoria Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, eta arbuiatu egingo du «gertaera horiek era alderdikoian erabiltzea Berriozar estigmatizatzeko edota konfrontazioa eragiteko».

Azkenik, udalak onartutako idatzian, herritarrak deitu dituzte herriko jaietan «errespetu giroan eta bizikidetzan» gozatzera, jaiak laster izango baitira.

PPN eta UPNren sumindura

Berriozarko udalbatzak uztaileko gertaera horiek arbuiatzeko mozioa onartu eta gero, Nafarroako Alderdi Popularra haserre azaldu da. PSNri eta EH Bilduri leporatu die «bizikidetza eta herriko jaiak aitzakia moduan» erabiltzea Munduko Futbol Kopako finalaren egunean «militarren eta herritarren aurka izan zen eraso basatia» ez gaitzesteko. Berriozarko PPNko eledun Daniel Cuestak esan du bere talde politikoari esker eztabaidatu dela udalbatzan Berriozarren izan ziren istiluen inguruan, haren esanetan PSNk eta EH Bilduk «muzin egin» baitiote orain arte gaia aztertzeari.

UPNk ere adierazi du bere sumindura PSNrekin eta EH Bildurekin. Ohar baten bidez, ziurtatu du PSN «saldu» egin dela EH Bilduren mesedetan, ez dituela «ez printzipiorik ez lerro gorririk», eta «edozer gauza» onartzen duela bilkideen «babesaren truke». Eskuineko alderdiak azaldu du PSNk mozio bat aurkeztu zuela «gaitzespenarekin», baina gero erretiratu egin zuela, azkenerako onartu den idatzia Zurekin-ekin adosteko: «EH Bilduren gusturako, horretan ez da azaltzen gaitzezpen hitza, bakarrik arbuio soil bat baizik».

Joan den uztailaren 22an ere PSNk abstentziora jo zuen Nafarroako Parlamentuan, UPNk Berriozarko istiluen harira aurkeztutako mozio baten aurrean. «Berriozarkoa ez da salbuespena, bere hautu politikoa baizik», esan du UPNk: «Aukeratu behar denean indarkeria gaitzestearen ala EH Bildu ez deseroso jartzaren artean, euren bazkideen alde egiten dute beti».

PSNren oharra

PSN estu hartzeko adierazpen horien guztien aurrean, Berriozarko sozialistek euren jarrera argitzeko beharra ikusi dute, eta, ohar batez bidez, ziurtatu dute gaitzetsi eta arbuiatu aditzek «esanhai bera» dutela onartutako mozioaren «testuinguruan». Adierazi dute «edukia ez baina esamoldea lehenestea dela indarkeria gaitzezten duen proposamen bat ez babestea, terminologiari lotutako diferentzia baten aitzakian».

PSNk esplikatu du Berriozarren egon zen «eraso larria» ez dela erabili behar «bizilagunen arteko xextrak eragiteko, ezta Berriozar estigmatizatzeko ere». Sozialistek uste dute Nafarroko udalerri horren «aniztasuna zaindu beharreko aberastasuna» dela. Eta erantsi dute ardura publikoak dituztenek «gai horiek soseguarekin» kudeatu behar dituztela, «soluzioak bilatuz eta ez arazoak eraginez».

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA