Atzo desagertutako artzain baten bila aritu dira gaur ertzainak, Aizkorriko (Gipuzkoa) hegoaldeko magalean, baina iluntzean eten egin dituzte lanak. Argirik gabe, ezin zuten lanean jarraitu. 77 urteko gizon bat da artzaina. Helikopteroz egindako hegaldi batean, haren artaldea eta txakurra ikusi dituzte ertzainek, baina gizona ez. Familiak atzo jakinarazi zuen Urbiako zelaietatik gertu dagoen borda batetik artaldea jaisteko asmoa zuela, baina haren berririk ez zutenez, abisua eman zuten 20:00 inguruan.
Senideek esandakoaren arabera, artzainak Urbiako zelaietatik jaisteko asmoa zuen Kataberako meatzeetatik Brinkolara. Familiaren abisua jaso ostean, Ertzaintzako mendiko agenteak bertara joan ziren, eta atzo gauean bertan hasi ziren artzainaren bila, hark erabili ohi duen borda batean, bai eta inguruko zenbait bordatan ere, Urbian bertan.
Elur ekaitzaren eta elur pilaketaren ondorioz, ostera, bertan behera utzi zuten operazioa, eta gaur goizean ekin diote berriro. Baina eguraldiaren ondorioz, zailtasunak izan dituzte gaur ere.