Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Lehendakarigaien soslaiak

Euskal politikagintzan aspalditik ezagunak direnak eta aurten lehen lerrora igarotakoak daude Lehendakaritzarako hautagaien artean, baina, oro har, gehienak aurten egin dira ezagun.

Hautagaiak, EITBk antolatutako eztabaidan. MIGUEL TOÑA / EFE
Hautagaiak, EITBk antolatutako eztabaidan. MIGUEL TOÑA / EFE
Isabel Jaurena - Aitor Biain - Gotzon Hermosilla
2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Lehendakarigaietako batzuk aspalditik ezagunak dira euskal politikagintzan, baina orain arte hautagai izan ez diren ugari daude Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetan. Haien soslaiak ere askotarikoak dira.

Imanol Pradales (EAJ). Ezustean lehen lerrora igarotakoa

Imanol Pradalesen izena ezustean iritsi zen politikagintzako lehen lerrora. Hedabideetan zabaldutako filtrazio baten bidez jakin zen EAJk ez zuela Iñigo Urkullu lehendakarigai izateko proposatuko, eta, handik ordu gutxira, kasik erreakzioz eta ohiko batzarrera itxaron gabe iragarri zuen Euzkadi Buru Batzarrak Pradalesen aldeko apustua egin zuela. Orduz gero, bere hautagaitza ezagutarazten aritu da; Araban eta Gipuzkoan batez ere, ezezagunagoa baita lurralde horietan Bizkaian baino.

Imanol Pradales
Imanol Pradales. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Izan ere, ibilbide politikoa Bizkaiko Foru Aldundian egin du Pradalesek. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren eskutik heldu zen politikagintzara. Ekonomiaren Sustapeneko diputatu izendatu zuten 2011n, eta gerora beste bi agintaldiz jarraitu du ardura horiekin, Unai Rementeriaren aginduetara lehenik, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatu gisa, eta Elixabete Etxanoberen taldean gero, Azpiegitura diputatu moduan. Aurrez, Bizkaiko aldundiak bultzatzen duen Bizkaia Xede elkarteko zuzendaria izan zen; talentua erakartzeko agentzia bat da, eta egun Bizkaia Talent izenez ezagutzen da.

Santurtzin jaio zen (Bizkaia), 1975eko apirilaren 21ean, eta lau anaiaren artean gazteena da. Hain zuzen ere, urtebetetze eguna du gaur: 49 urte bete ditu EAJren lehendakarigaiak. Haurtzaroa, baina, Bilboko itsasadarraren ezkerraldeko langile auzo batean eman zuen, Mamariga auzoan hazi baitzen, familia abertzale baten. Arraunlaria izan zen hainbat urtez, Sotera ontzian, eta, besteak beste, Kontxako banderan ere lehiatu zen.

Deustuko Unibertsitatean Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasi zituen, Bilbon. Pradalesek kontatu zuenez, aitonak 1936ko gerran parte hartzeagatik jaso zuen diru laguntza bati esker ordaindu zituen ikasketa horiek. Doktoretza egin zuen gero, eta, ondoren, irakasle gisa hasi zen, unibertsitateak Donostian duen campusean. Oraindik ere hango maisu da, 2007tik lan baimena duen arren. Gaur egun Portugaleten bizi da (Bizkaia), eta bi urteko alaba bat dauka.

Iñigo Urkullu izan omen zen politikagintzarako urratsa egitera animatu zuena, eta, orain, haren lekukoa hartu nahi du Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguan. Irakaslearen lekua hartu nahi du ikasleak, eta ez soilik modu metaforikoan; Pradalesek irakasle izan baitzuen Urkullu, Asti Leku ikastolan (Portugalete, Bizkaia), 7 urte zituenean.

Pello Otxandiano (EH Bildu). Gogoeta egilea hautagai bilakatua

Ezker subiranistan izandako belaunaldi aldaketaren adibidetzat jo daiteke Pello Otxandiano Kanpo (Otxandio, Bizkaia, 1983): gaztetan ikasle mugimenduan aritu bazen ere, 2011n hartu zuen bere lehen ardura instituzionala, ETAk jarduera armatua betiko utziko zuela iragarri eta Bildu koalizioa sortu zen urtean, hain zuzen ere. Orduan, zinegotzi hautatu zuten haren sorterrian, Otxandion.

Pello Otxandiano
Pello Otxandiano. RAUL BOGAJO / FOKU

Familia abertzale eta euskaltzale batean jaio zen Otxandiano: haren senitarteko batzuk hil egin ziren armada frankistak 1936ko uztailean Otxandion egindako bonbardaketaren ondorioz. Otxandioko herri eskolan eta Iurretako (Bizkaia) bi institututan egin zituen oinarrizko ikasketak, eta, ondoren, Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen, bai eta alor horretan doktoretza lortu ere: lau urte eman zituen Mondragon Unibertsitatean, eta azken ikasturtea Goteborgen (Suedian) egin zuen, Chalmers unibertsitate teknologikoan.

Ibilbide profesionala militantziarekin uztartu du, baina, batez ere, lan ideologikoan aritu da, baita luzera begirako gogoeta eta estrategiak diseinatzen ere. Horregatik, hedabide askok «ezker subiranistaren ideologotzat» jo izan dute behin baino gehiagotan. 2016tik aurrera Sortuko zuzendaritzako kidea izan zen, eta han Herrigintza arloko zuzendari kargua hartu zuen; geroago, EH Bilduko Programa zuzendari izendatu zuten. Azken ardura horregatik, EH Bilduk aspaldi honetan egindako apustu estrategiko garrantzitsuenen bultzatzaile nagusitzat jo izan dute Otxandiano.

Otegik iragarri zuenean bere lehentasuna izango zela EH Bilduko koordinatzaile nagusi gisa dituen ardurak hartzea eta ez zela aurkeztuko Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzarako lehiara, Otxandiano izan zen hedabideek aipatu zituzten hautagaietako bat koalizioaren lehendakarigaia izateko. Azkenean, 2023ko abenduan, EH Bilduren Mahai Politikoak hura proposatu zuen horretarako, bai eta koalizioaren oinarriek proposamena onartu ere. Izendapenak zeresana eman zuen, askok uste baitzuten koalizioak emakume bat aurkeztuko zuela horretarako, ordura arte egin bezala.

«Solbentzia, ziurtasuna, konpromisoa, arima eta pasioa» nabarmendu zituen Otegik hautagaitzaren berri eman zuenean. Izan ere, haren soslaiak bat egiten du EH Bilduk aurkeztu nahi zuen soslaiarekin, orain arte koalizioarekin uzkur edo mesfidati jokatu duten sektoreekin konektatzeko.

Eneko Andueza (PSE-EE). Mendiaren emaitzak hobetu nahian

PSE-EE alderdian gaztetatik ibilitakoa da Eneko Andueza (Eibar, Gipuzkoa, 1979). Idoia Mendiaren ondorengoa aholkulari gisa aritu zen Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzan, eta Iñaki Arriolaren kabineteko buru gisa ere bai. Anduezaren helburua da Mendiaren emaitzak hobetzea, batik bat, sozialisten eta jeltzaleen arteko akordioek aurrera jarrai dezaten. Inkesta guztien arabera, ordea, sozialistak hirugarren indarra izanen dira, baina ez dago argi azken hauteskundeetan baino emaitza hobeak lortuko dituzten. Azken inkestek 10-11 eserleku ematen dizkiete, eta hiru lurraldeetan eginen dute behera, Soziometroaren arabera.

Eneko Andueza
Eneko Andueza. JON URBE / FOKU

Politika arloan ez ezik, idazle gisa ere hainbat lan egin ditu Anduezak. Zalaparta anitz sortu zuen hark 2020an idatzitako liburuetako batek: Los toros, desde la izquierda (Zezenak, ezkerretik). Lan horretan azaltzen du zer «lotura historiko» dagoen tauromakiaren eta «ezkerreko pentsamenduaren» artean. Zer errana eman zuen argitalpen hark, eta ondorioak izan zituen Anduezarendako: sareetan hainbat eta hainbat kritika jasotzeaz gain, salatu zuen mehatxuak jaso zituela liburua argitaratzeagatik.

Javier de Andres (PP). Kazetari bat zerrendaburu

Kazetaria ofizioz, Javier de Andres (Gasteiz, 1967) Ramon Rabaneraren –Arabako PPko kide ezaguna– komunikazio arduradun gisa hasi zen lanean politikagintzan. 2011 eta 2015 bitartean Arabako ahaldun nagusi izan zen, eta haren helburua da hauteskundeetan orain dela lau urteko emaitzak hobetzea.

Javier de Andres
Javier de Andres

Informazio Zientzietan lizentziatua da. Arabako PPn urte luzez egon eta gero, 2016an Mariano Rajoyk eskaini zion Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzan egotea, eta han geratu zen PSOEk egindako zentsura mozioa iritsi zen arte. 2018an hasi zen berriz ere kazetari lanetan.

Bortz urteko atsedenaldiaren ondoren iritsi zen politikara. Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak proposatu zion 2023ko uztaileko hauteskundeetan Arabako zerrendaburu izatea Diputatuen Kongresurako. Lau urte lehenago galdutako eserlekua berreskuratu zuten, eta erakundera iritsi zen, hilabete batzuetarako bakarrik izan bazen ere. Handik gutxira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPren buru izendatu zuten, eta, geroago, lehendakarigai.

Alba Garcia (Sumar). Hautagairik gazteena, eta ezezagunena

Hautagairik gazteena da Alba Garcia (Bilbo, 1988), baita ezezagunenetako bat ere. Psikologoa da ikasketaz, eta arrazakeriaren kontrako mugimenduetan nahiz mugimendu feministan aritu izan da lanean. Elkarrekin Podemosen zerrendetan hirugarrena izan zen Donostiako Udalean, baina, koalizioak bi eserleku lortu zituenez, kanpoan gelditu zen. Alderdi moreak eta Sumarrek ez zutenez akordiorik lortu, Garcia Sumarren zerrendaburu izendatu zuten.

Alba Garcia
Alba Garcia

Politikan ibilbide laburra egin badu ere, arlo sozialera bideratu izan du bere bizitza: Bizkaiko SOS Arrazakeriaren buru izan da; etxebizitza arloan ere aritu da, eta Bilboko Maizterren Sindikatuko kidea eta bozeramailea izan zen; 2020an Big Road elkartea sortu zuen, zeinak Senegalgo garapenaren alde lan egiten duen, gizarte eta hezkuntza arloko proiektuen bidez edo kirol eta osasun arloei lotutako ekintzen bitartez; eta arlo feministako hainbat proiektutan ere parte hartu du.

Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos). Ordezkaritzari eusteko asmoz

Aurretik ere hautagai izan diren bakarrenetako bat da Miren Gorrotxategi (Abadiño, Bizkaia, 1967), duela lau urte ere Elkarrekin Podemosen lehendakarigai gisa aurkeztu baitzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «ezkerraren arteko aliantza» beharrezkoa dela defendatu izan du, eta EAJrekin akordioak egiteari muzin egin dio urte luzez. 2016ko hauteskundeetan 11 eserleku lortu zituzten moreek, eta, lau urte geroago, bost galdu. Orain, horiei eustea dute xede, aurreikuspenak txarrak diren arren. 

Miren Gorrotxategi
Miren Gorrotxategi. ARITZ LOIOLA / FOKU

Zuzenbidean lizentziatua da, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egon da lanean urte luzez: 1992tik Konstituzio Zuzenbidea eta Pentsamenduaren eta Mugimendu Sozial eta Politikoen Historia saileko irakasle gisa. Euskadiko Podemosen zuzendaritzan egon da erakundearen sortu zenetik. Urte batzuk geroago, 2017an, bere hautagaitza aurkeztu zuen taldearen idazkari nagusi izateko, baina Lander Martinezek lortu zuen gehiengoaren babesa.

Amaia Martinez (Vox). Baliteke kanpoan gelditzea

2016an Voxek ez zuen eserlekurik lortu Eusko Legebiltzarrean, baina 2020an bai. Amaia Martinez (Gasteiz, 1968), Arabako zerrendaburu zenak, lortu zuen bere alderdia legebiltzarrean sartzea, eta Voxen lehenbiziko diputatu bihurtu zen. Orduan lortutako ordezkaritzari eutsi nahi dio alderdi ultraeskuindarrak, baina aurreikuspenak ez dituzte aldeko, eta baliteke Martinez Legebiltzarretik kanpo geratzea.

Amaia Martinez
Amaia Martinez. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Informazio Zientzietan lizentziatua da Martinez, eta, euskaraz dakien arren, gaztelaniaz mintzatu ohi da. Immigrazioa eta euskara izan ohi ditu hizpide gasteiztarrak. Izan ere, haren iritziz, hizkuntza eskakizunek «diskriminatu» egiten dituzte euskaraz ez dakiten herritarrak. Etorkinen kontrako mezuengatik ere nabarmendu izan da Martinez. Kazetari lanetan ere aritu da inoiz, baina bere ibilbidearen hein handi bat merkataritzan eman du, armak saltzen dituen denda batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.