Erizain laguntzailea zen Berta Beunza, 22 urteko gaztea. Lanera zihoan goiz hartan, 2005eko otsailaren 8ko hartan, Iruñeko La Vaguada zaharren egoitzara. Kanpoan zain zuen 26 urteko mutil gazte bat, David Torrado Mandado.
Ikusi gehiago
Gurasoen etxetik atera zen Beunza, autoan sartu zen, eta arrankatu eta martxan jarri ere egin zuen. Baina Mandado gerturatu zitzaion, eta eskopeta batekin tiro eginda hil zuen emakumea, autoan bertan. Ondoren bere buruari tiro eman zion mutilak, eskopeta berarekin. 07:30 ziren, eta Donibane auzoan gertatu zen. Bizilagun batek eman zuen gertatuaren berri.
Emakumearen eta gizonaren arteko harremana ez zen argitu. Beunzaren familiako kide batzuek aipatu zutenez, lehenago inoiz elkarrekin atera izan ziren biak, baina hilketa gertatu zenean Beunzak bazuen beste mutil-lagun bat. Auzia ez zen argitu. Hiltzaileak bere buruaz beste egiten duen kasuetan ohi denez, artxibatu egin zuten.
Polemika politikoa ere ez zuen faltatu izan hilketa hark. Susana Camarero PPko diputatuak, Espainiako Kongresuan, salatu zuen PSOEren gobernuak aurrera ateratako Genero Indarkeriaren Aurkako Lege Integrala ez zela «espektatibak» betetzen ari. Biktimak legearen aurka egiteko ez erabiltzeko eskatu zion PSOEk. Nafarroako Ongizate kontseilari Jose Ignacio Palaciosek, berriz, «pasio krimen» gisa definitu zuen: «Emakumeen alde egon behar dugu pasio krimen honen kasuan». Baina ukatu egin zuen genero indarkeria kasu bat izan zela, «aurretik ez zelako tratu txarrik izan».