Bertan beheiti utzi dute Ibaetan bi ertzainek ematekoa zuten hitzaldia

Ikasleek protestak egin dituzte, eta Ertzaintzak, «kanpoko arazoak» direla medio, eskolarik ez ematea erabaki du. Perez Iglesiasek eta Pradalesek salatu dute «onartezina» eta «oinarrizko giza eskubideen kontrakoa» dela gertakaria.

Ertzaintzaren ibilgailu bat, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Ertzaintzaren ibilgailu bat, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 24a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ibaetako (Donostia) Zuzenbide eta Kriminologia Fakultatera joatekoa zen herenegun Ertzaintza, bigarren mailako ikasleei eskola bat ematera. Bada, ikasleek mobilizatzera deitu zuten, eta, azkenerako, lortu zuten eskola hori bertan beheiti uztea. Ertzaintzak argudiatu zuen «kanpoko arazoak» zirela medio hartu zuela erabaki hori. 

Juan Ignacio Perez Iglesias EHU Euskal Herriko Unibertsitateko sailburua gertakarien kontra agertu da, eta agerraldi bat egin du eskola bertan behera utzi izana «onartezina» dela salatzeko. Are, «adierazpen askatasunaren kontrako eraso bat» izan dela erran du, eta, beraz, «oinarrizko giza eskubideen kontrakoa». Gainera, sinetsita dago halako protestak Ertzaintza erakunde gisa «deslegitimizatzeko» kanpaina baten parte direla, eta «bereziki larria» dela hori guztia Zuzenbide eta Kriminologia Fakultatean gertatu izana. 

Olatura batu da EHUko errektoretza taldea ere, eta ohar bidez salatu du ez dela egia ikasleen protestak izan direla eskola bertan beheiti uzteko arrazoia. Aitzitik, «ertzainek eurek jakinarazi zioten goizean goiz irakasleari hitzaldia boikotatzeko mezuak atzeman zituztela sareetan, eta horren aurrean ez zutela saiorik emango. Euren erabakia izan zen, eta irakasleak errespetatu egin zuen».

Arrazoia edozein izanik ere, errektoretza taldeak erran du «onartezina» dela formakuntza eskubideen kontra aritzea, baita hura oztopatzea ere. «Unibertsitateko ikasleek ezinbestekoa dute profesionalen esperientziak bertatik bertara ezagutzea, etorkizunean alor horretan beren ekarpena egiteko. Horrek ere bermatzen du irakaskuntzaren bikaintasuna», azaldu dute oharrean. Halaber, erran dute kriminologiako ikasleek ez zutela hitzaldiaren gaineko kexarik adierazi, eta adierazi izan balute ere «eztabaidagune askea» dela unibertsitatea. «Argudioak kontrastatzeko lekua da». Graduko irakasleak jakinarazi du «prest» dagoela Segurtasun Sailari «edozein» argibide emateko. 

Bertzalde, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere egin du adierazpenik, eta adierazi du arduradun politiko batzuek «indarkeriazko jarduera justifikatzen» dutela. Are gehiago, hori egiteko bidea ematen dutela. «Eta hori ezin da onartu». Argi du zein den bere egitekoa: «Publikoki gertakariak gaitzetsi eta horrelakorik berriro gerta ez dadin gure esku dagoena egin». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.