Renew Green Generator enpresak iragarri du bertan behera utzi duela Barrundia eta Burgu inguruan (Araba) parke fotovoltaiko bat eraikitzeko egitasmoa. 2024ko otsailean hasi ziren parkea egiteko tramiteak, eta asmoa zen alderdi horretan 9.477 eguzki plaka jartzea, baina Arabako Foru Aldundiak kontrako txostena egina zuen horren inguruan, eta horrek enpresa behartzen zuen jatorrizko egitasmoan zenbait aldaketa egitera. Hori ikusita, hura bazter uztea erabaki dute.
Ez da izan Arabako eskualde horretan bertan behera utzi duten energia egitasmo bakarra. Easy Above Systemek ere bazuen Barrundian 7.000 eguzki plakako parke bat jartzeko asmoa, baina proiektua bertan behera utzi zuen iazko martxoan. Renew Green Generatorrek baditu eguzki energiarekin lotutako beste bi egitasmo Araban.