Bertan behera utzi dute Errenteriako familia baten etxegabetzea

Caixabankek eta familiak akordioa lortu dute. Udalak bitartekari lanak egin ditu. Kaleratzeak Stop-entzat kasu horrek eredu izan beharko luke.

Errenteriako etxegabetzea salatzeko kontzentrazio bat, Caixabanken bulegoaren aurrean. KALERATZEAK STOP
Errenteriako etxegabetzea salatzeko kontzentrazio bat, Caixabanken bulegoaren aurrean. KALERATZEAK STOP
jakes goikoetxea
2026ko martxoaren 5a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Caixabankek gaurko zuen ezarria Errenteriako (Gipuzkoa) familia baten etxegabetzea. Bertan behera utzi du, ordea, Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi duenez. Senar-emazteek eta 12 urteko semeak osatzen dute familia. Bankuarekin hitzartu dute familiak ordaindu egingo diola zorraren zati bat, eta gero alokairu sozialeko kontratu berri bat sinatuko dutela. Plataformak eskerrak eman dizkie bai herriko alkateari, haren bitartekaritzagatik, bai bankuari, «jarrera positiboa» izan duelako.

Kaleratzeak Stopentzat Errenteriako akordioa garrantzitsua da, gaur egun ez baitago indarrean pertsona zaurgarriak etxegabetzea debekatzen zuen ezkutu soziala: Espainiako Kongresuan atzera bota zuten eta Espainiako Gobernua ezkutu soziala zatitzea pentsatzen ari da, pertsona zaurgarriak etxegabetzeko debekua berriro indarrean egoteko.

Krisia eta COVID-19a

Plataformaren iritziz, Errenteriako akordioak eredua izan beharko luke lehen bertan behera geratu ziren etxegabetzeak orain egin nahi dituzten finantza erakundeentzat eta etxejabe handientzat, , etxegabetzeen debekua indarrean ez dagoela baliatuz.

Errenteriako familiak hipoteka mailegua eskatu zion Caixabanki, etxea erosteko. Eman egin zioten. Etxegintza eta finantza krisiaren ondorioz, ezin zituzten hileroko kuotak ordaindu, Kaleratzeak Stopek azaldu duenez. Zorra ordaintzeko, akordioa sinatu zuten bankuarekin: familiak etxea emango zion bankuari, baina bertan bizitzen jarraitu ahalko zuen, alokairu sozial bat ordainduz. Baina alokairu soziala ordaintzeari utzi zioten, senar-emazteak lanik gabe geratu zirelako COVID-19aren pandemia garaian.

Dekretuaren babesik gabe

Bankuak familia etxegabetzeko eskatu zuen, baina familiak etxegabetzeen kontrako dekretuaren babesa baliatu zuen. Errenteriako Udaleko gizarte zerbitzuek egiaztatu zuten familia zaurgarria zela eta epaile batek bertan behera utzi zuen haiek etxegabetzeko eskaera. Familiak babes hori berritzeko eskatu zuen iaz, baina Donostiako epaile batek ez zuen familiaren zaurgarritasuna onartu. Argudiatu zuen emaztearen izen-abizen berdinak zituen pertsona batek zenbait jabetza zituela Espainian. Jabetza horiek nortasun agiririk gabe erregistratuta daude, Kaleratzeak Stop-en arabera. Emazteak ukatu egin du jabetza horiek bereak direnik, eta hori frogatzen duten agiriak aurkeztu dituela gehitu plataformak.

Epaileak familia etxegabetzeko eguna zehaztu zuen: iazko uztailaren 15a. «Bertan behera geratu zen, herritarren babesari eta alkatearen bitartekaritzari esker», kontatu du plataformak. Epaileak, aurrerago, gaurko ezarri zuen familia etxegabetzeko eguna. Azkenean, ordea, akordioa lortu dute eta familia ez dute etxegabetuko. «Familia horrek lasai lo egin dezake», nabarmendu du plataformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.