Beste 126 positibo atzo

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakinarazi du beste lau foku identifikatu dituztela Nafarroan, horietako hiru Iruñean. 36 dira jadanik hiriburuko festa batekin zerikusia duen berragerraldiko positiboak. Tabernak lehenago ixtea aztertzen ari dira.

Santos Indurain Osasun Kontseilaria musukoa jantzita, agerraldi batean. JESUS DIGES / EFE
Maider Galardi
2020ko uztailaren 17a
11:59
Entzun

Gora eta gora egiten ari da koronabirusaz kutsatutakoen kopurua azken orduetan. Denera beste 126 positibo atzeman dituzte Hegoaldean azken orduetan: 58 Nafarroan, 35 Gipuzkoan, 26 Bizkaian, 4 Araban. Hegoaldetik kanpo bizi diren bertze hiru pertsonak ere positibo eman dute azken orduetan. 

Nafarroan atzeman dira positibo gehien, eta Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakinarazi du beste lau foku detektatu dituztela: hiru Iruñean, eta bat erdialdean. Azken orduetan ez da inor zendu koronabirusaren ondorioz. Nafarroan, pertsona bat ospitaleratu dute. 

Nafarroan beste lau foku atzeman dituzte, handiena Iruñean. 36 dira bertan kutsatutakoak. Festa batekin du lotura, eta azken orduetan beste 22 positibo baieztatu dituzte: guztira, 36. Hain justu, gazteen artean ari da hedatzen koronabirusa. Hala jakinarazi du Osasun kontseilariak gaur goizean egindako agerraldian: «Datuetan ikusi dugu azken agerraldietan batez besteko adina anitz jaitsi dela. Aste honetako kasuen bi herenak hogei urtetik beherako gazteenak dira; eta horietatik %62 dira gizonezkoak».

Azaldu du, halaber, atzemandako kasuen %78 Iruñerrikoak direla eta 3.371 PCR proba egin dituztela; horietan erdiak, atzo.

Neurri zorrotzagoak

Gazteen artean eta aisialdi eremuetan izan dira berragerraldiak, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du zenbait neurri hartzea. Gaur jarri da indarrean maskararen nahitaezko erabilera, baina, horretaz gain, neurriak zorroztu dituzte. Esaterako, gazteen lokalak itxiko dituzte, eta aztertzen ari dira tabernen ordutegia murriztu ala ez. 

Proba masiboak herrietan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo jakinarazi zuen ostalaritzan neurri murriztaileak hartuko dituztela Eibarren (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa) eta Zarautzen (Gipuzkoa), koronabirusaren agerraldien ondorioz. Tolosa eta Zarautz, Getariarekin (Gipuzkoa) batera, jomugan izan dira egun hauetan, eta hiru herrietako alkateek «lasaitasunez» jokatzeko eskatu diete herritarrei. Test masiboak egiten ari dira herri guztietan. Zarautzen, dozenaka laguni egin diete proba gaur goizean.

Eibarko ospitalearen kanpoaldean karpa bat jarri dute. Osakidetzak Twitter bidez gezurtatu egin du herrian PCR probak egiten ari direla. Herrian hemezortzi positibo detektatu dituzte hilaren 12az geroztik, eta azken 24 orduetan hamar.

Tolosan, berriz, N-1 errepidean dagoen gasolindegi bateko taberna eta jatetxea —ez gasolindegia— ixteko agindua eman dute udaltzainek, sukaldarietako batek positibo eman ostean. Han izan diren bezeroak lokalizatu nahian ari dira, PCR probak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.